Mendaurko kaxkoan dagoen Trinitate ermitak igande honetan izanen du bere eguna. Bisitari aunitz hartzen ditu urte osoan, baina Trinitate Eguna berezia izaten da. Goizean mezak izanen dira, batzuk gosaldu eta ermitari bueltak ematen ari diren bitartean.
Eguerdi aldean enbaltseetan iturendar eta aurtiztarrek bazkariak antolatu dituzte, arratsalde guztia dantza eta algara pasatzeko asmoz. Ondotik, herrira jeitsiko dira, ohitura den bezala, betiko geldialdiak eginez. Eguna ederki akitzeko Iturengo plazan musika izanen da.