Gure inguruan ezezaguna baldin bada ere, Frantzian xarma berezia duten 2.600 jatetxe eta hotel sartuak daude Logis katean. Orain, Nafarroan hedatzen hasi da Frantziako kate hau eta eskualdeko hiru hotel eta jatetxe sartu dira: Berako Churrut-Lenkonea, Donamariko Benta eta Lesakako Atxaspi.
Bertze sektore batzuetan egiten den gisara, Logis katearen baitan dauden jatetxeen kategoria eltzeekin neurtzen da eta hotelen kategoria, tximiniekin. Donamariako Bentaren kasuan, jatetxea eta hotela eskaintzen ditu eta jatetxeak gehienez lor daitezkeen hiru eltzeak dituen bitartean, hotelak bi tximinia ditu. Lesakako Atxaspik ere bi tximinia ditu. Berako Churrut hotelaren eta Lenkonea jatetxearen kasuan, berrikiago sartua da eta kanpoko ikuskaritza baten txostenaren arabera erabakiko da zenbateko kategoria hartzen duen.
Lorea Luzuriaga Donamariako Bentako arduradunak aipatu digunez, «krisi garai honetan, eskaintza dibertsifikatzea eta merkatua irekitzea ongi datorkigu. Frantzian oso zabaldua dago Logis katea, partehartzea eskaini digute eta gisa honetara, bezero frantziarrak erakartzea espero dugu».
Logis katean sartzeko eskatzen diren ezaugarriei dagokienez, «gauzak egiterako moduan filosofia bat» bilatzen dela aipatu digu Luzuriagak, «bezeroak zaindu, gure bizitzan eta eskualdean sartuz, gure produktuak ezagutzera emanez…».