Inguruko zenbait alkate eta zinegotzik osasun arloko murrizketen kontra protesta egin zuten maiatzaren 23an, hain zuzen, Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak murrizketa horien berri emateko Doneztebera egindako bisitaren harira. Errepidea mozten saiatu ziren, baina guardia zibilek eta foruzainek eragotzi zuten ekintza.
Protesta ekintzan zeuden Garbiñe Elizegi Baztango alkatea, Antonio Erregerena Bertizaranako alkatea, Amets Inda Sunbillako alkatea, Mari Jose Bereau Iturengo alkatea eta bertze zinegotziak eta Baztango herri batzuetako alkateak ere bai, herritarrekin batera. Doneztebe sarreran, Osasuna herritarron esbubidea: Murrizketarik ez zioen pankartarekin atera ziren eta osasun kontseilariaren autoa herrira sartu zenean errepidea mozten saiatu ziren, baina foruzainek eta guardia zibilek eragotzi zuten. «Bakar bakarrik bi minutuz egon nahi genuen, gure aldarrikapena zein den eta ados ez gaudela ikus dezan», zioten udal hautetsiek. Garbiñe Elizegi Baztango alkateak aipatu zuenez, «ordezkapenak egiteko ez dago dirurik, baina bai hogei lagunen kontra halako oldarraldi poliziala egiteko».
Gainera, gero Doneztebeko Herriko Etxean egin zen bileran ezin izan zuten udal ordezkari guztiek parte hartu eta bileratik kanpo gelditu ziren Ituren, Bertizarana, Irurita, Arraioz eta Arizkungo alkateak eta bertze zinegotziak. Hortaz, Doneztebe, Baztan, Sunbilla eta Zubietako alkateekin bakarrik bildu ziren osasun departamentuko kontseilaria eta bertze ordezkariak, garatzen ari diren erien arretarako eredu berria azaltzeko.
Dena den, maiatzaren 31n bertze bilera batera etorriko omen da osasun kontseilaria eta hartan Bertizarana, Ituren, Etxalar, Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza, Urdazubi, Zugarramurdi eta Malerrekako bertze herri batzuetako alkateak gonbidatuak omen daude. Alkateen irudiko, «ez dute nahi denak elkarrekin agertzea eskualdeko osasun arloan ondorio larriak ekar ditzakeen murrizketen kontra».