San Migel eskolan eta Mendaur institutuan murrizketak direla eta, elkarretaratzeak egiten hasi dira. Egunero egiteko asmoa dute, 08:45etik 09:00etara eta irakasle, guraso eta ikasleek parte har dezakete. Bertzalde, murrizketek honela eraginen dute eskolan. Hiru urtekoetan orain arte bezala 25 ikasle izanen dira taldeko, lau urtekoetan 26 ikasle taldeko (gaur egun 25) eta 5 urtekoetan 27 ikasle taldeko (gaur egun 25). Lehen Hezkuntzan 27 ikasle izanen dira taldeko (gaur egun 25). Hala, hurrengo ikasturtean bi gela guttiago izanen dira eta 26 ikaslek osaturiko bi gela izanen dira. Gisa berean, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen lanorduak 23tik 25era pasako dira eta «honela, zaintza orduak, batzordeetako orduak, ikasle eta gurasoen tutoretza orduak, irakasleen formakuntza orduak eta koordinaziorako orduak nabarmen murriztuko direla» salatu dute eskolakoek. Hauetako batzuk desager daitezkeela ere gaineratu dute eta hezkuntza «kalitatea guttituko dela». Ordezkapenak hamar lanegun pasata beteko dira eta adierazi dutenez, «ondorioz, irakasle batek baja hartzen badu, bi geletako ikasleak elkartu beharko dira, zaintza ordu faltagatik». Irakasle guttiago izanen dira, irakasle batzuk langabezian utziz.