Haurrek ez dute ahots aparatua garatua, eta hasierako hilabeteetan ez dira solasteko gai. Aldiz, besoak mugitzeko eta keinuak egiteko gai badira eta bide horretatik doa AEBetako Baby Sign metodoa, duela gutti Euskal Herrira ailegatu den haurren zeinu hizkuntza. Umeak solasten hasi aitzinetik gurasoak umearekin komunikatzeko aukera ematen du metodo honek.
Duela sei hilabete hasi ziren metodo hau lantzen Nafarroan, eta Mentxu Isturiz aizaroztarra da guraso taldeei ikastaroak ematen dizkiena. Berak azaldu dizkigu ingelesez Baby Sign eta gazteleraz Cincodeditos deitua den metodo honen nondik norakoak. «umeak hitz egiteko ahalmena izan baino lehen, gurasoekin komunikatzeko bidea ematen du metodo honek. Umearen ahots aparatua guztiz osatua egon arte, 18-24 hilabete artean erabil dezaketen zubia da. Naturalki umeek zeinuak egiten dituzte (apatx egin, agur erran...) eta metodo honekin haurrari bere nahiak azaltzeko erreminta gehiago ematen dizkiogu».
Ameriketako Estatu Batuetan jaio zen metodo hau. Gorren hizkuntza abiapuntutzat hartuta, umeentzako moldatutako zeinuak dira. 70. hamarkadan hasi ziren metodo hau erabiltzen eta Isturizek azaldu digunez, «ikerketak ere egin ziren. Metodoaren onura guztiak frogatu ondotik, segituan Europara zabaldu zen».
Erran digunez, «zeinuen hizkuntza 6. eta 9. hilabetean irakasten has daiteke. Lehenagotik ere bai, eta horrela helduak ere ohitura hartuko du, gehienetan hori izaten baita zailena. 24 eta 30. hilabetean beren lehenengo hitzak hasten dira eta umeak naturalki uzten dituzte zeinuak, hitzari bidea utziz». Bitartean, ordea, umearekin komunikatzeko 120 zeinu erakusten ditu metodo honek, haurren egunerokoan erabiltzen direnak, umeak jan nahi duela edo edan, gehiago edo bapo dagoela adierazteko zeinuak, hain zuzen.
Komunikazio arazoak ‘arintzeko’
Umeei zeinu hizkuntzaren bidea emateak haurraren komunikazio arazoak «arintzen» dituelakoan dago Isturiz: «umeak 6 eta 9 hilabeterekin badakite zer nahi duten, baina ez daukate azaltzeko modurik. Gehienetan negarraren eta oihuen bidez saiatzen dira». Gisa berean, «zeinuen bidez komunikatzen den haurrak frustrazio guttiago izanen ditu eta horrekin batera, autoestima haundiagotuko du. Ulertua sentitzen den haurra, beti alaiago sentituko da», dio aizaroztarrak. «Gurasoek intuitiboki egoera batzuetan jakin dezakegu zer nahi duten, baina gehienetan edo etxetik kanpo zaila da umeak buruan duena jakitea».
Metodoaren onurak ikusita, praktikan paratzera animatzeko deia luzatu die Isturizek gurasoei: «umearekin harremana estutzen baita eta gure umeen trebetasunak eta garapena lantzen lagunduko dugu. Eta garrantzitsuena, gure umeekin ongi pasatuko dugula».
Ikastaroak
Ikastaroa hartzeko prest dagoena Isturizekin jar daiteke harremanetan, 676 561705 telefonora deituz edo cinco deditos.navarra@gmail.com helbidera idatziz. Bloga ere badu: signos bebesnavarra.blogspot. com.
Ikastaroa 0 eta 25 hilabete arteko gurasoentzako bideratua dago, baita haurdun daudenentzako ere. Informazioaz gain, 120 zeinuak irudiekin azaltzen diren liburuxka ere banatu ohi dute.
ALDE ONAK
«Metodo honek onura asko ditu, baina zure umeak zer nahi duen azaltzeak ematen duen lasaitasuna da onurarik onena»
NOIZ HASI
«Zeinuen hizkuntza 6. eta 9. hilabetean irakasten has daiteke. Lehenagotik ere bai, eta horrela helduak ere ohitura hartuko du, gehienetan hori izaten baita zailena».
Mentxu ISTURIZ
Zeinu hizkuntzaren irakaslea