Azkenean uste baino diru gehiagotan saldu ditu Udalak Iarmendi, Irazako eta Sagartzuko pinuak. Denetara 5.620 m3 zeuden salgai, ‘tronkilloa’ barne, eta hasierako prezioa 109.622 eurokoa bazen ere, enkantean 131.761 eurotaraino altxatu zuten prezioa, BEZ gabe. Azkeneko pinu salmenta 2010eko abuztuan egin zen. Orduan Benta Gaina eta Ezkutu Gaineko pinadietatik 4.959 m3 saldu zituzten ‘tronkilloa’ barne eta hasieran prezioa 92.677 eurotan jarri bazuten ere, azkenean, 65.565 eurotan saldu zituzten, hasieran pentsatu baino 27.112 euro merkeago. Duela bi urte pinu m3koa 13,22 eurotan saldu zen. Aurten, aldiz, 23,44 eurotan. Hala, udal aurrekontuen %18 inguru pinuen salmentatik dator, eta errekurtso hori da herriak duen diru-sarrerarik handiena.