Bainuetxe Programan parte hartu nahi duten ezinduei dirulaguntzak emanen dizkie Nafarroako Gobernuak. Horretarako deialdia egin du eta 300 plaza eskainiko ditu Fitero eta Elgorriagako bainuetxeetan, 150 plaza ezinduentzako eta bertze 150 plaza hauen laguntzaileentzako.
Guztira 120.000 euro bideratuko ditu Gobernuak programa honetara eta dirulaguntzaren barne, alojamendua eta egonaldia mantenu osoarekin eskainiko dira. Hamabi egun eta hamaika gauetako txandak izanen dira, uztailean hasi eta urrira bitarte.
Dirulaguntza hau eskatzeko %65eko ezintasuna edo haundiagoa eduki beharko du eta 12 eta 59 urte artean izan. Laguntzaile bat izan beharko dute ondoan, 18 urtetik goitikoa eta menpekotasunik ez duena. Gisa berean, guttienez bi urteko antzinatasunarekin Nafarroan erroldatua izatea ere ezinbertzekoa izanen da eta zergak ordaintzea ere bai.
Txandak
Uztailaren 16tik 27ra Elgorriagako Bainuetxean egoteko plazak izanen dira, uztailaren 27tik abuztuaren 7ra Fiteron, uztailaren 30etik abuztuaren 10era Elgorriagan, abuztuaren 13tik 25era Elgorriagan, abuztuaren 27tik irailaren 7ra Elgorriagan, abuztuaren 29tik irailaren 9ra Fiteron, irailaren 10etik 22ra Elgorriagan, irailaren 24tik urriaren 5era Elgorriagan eta urriaren 15etik 26ra Elgoriagan.
Eskaerak egiteko epea ekainaren 7an bukatuko da. Eskaera orriak edo deialdiaren informazio gehiago nahi izatera Nafarroako Menpekotasunaren Agentzian daude eskura, Iruñean, edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan ere bai. Telefonoz ere egin daiteke kontsulta: 902 165170.