Eguraldi bikainarekin joan zen Laxoaren Eguna maiatzaren 27an. Irurita B eta Oizen arteko laxoa partidan lehia bizia izan zen eta jendeak gustura hartu zuen. Azkenean etxekoak nagusitu ziren gainera, 9 eta 5. Partidan ari zirela, jokoa geldiarazi eta garai batean bezala, Angelusa kantatu ere egin zuten.
Izaskun Goñi Bertizko Partzuergo Turistikoko kudeatzaileak azaldu duenez, «hagitz giro ona sortu zen eta kanpotarrak hurbildu ziren, bereziki Gipuzkoako pilotazaleak. Ekintza honekin laxoa eta Oiz nabarmentzea lortzen ari garela uste dut».
Aldi berean, Florentino Ibarra guante egilea zena ere gogoan izan zuten. Bere arreba eta familiakoak elkartu ziren eta omenaldi polita eskaini zitzaion. Oizko posadak produktu tipikoen degustazio bikaina ere eskaini zien bisitari, herritar eta pilotariei eta herriko Amaia trikitilariak, bere anaiak lagundutik giroa ederki alaitu zuen. Gainera, eskulangileek beraien produktuak ere ikusgai jarri zituzten.