Igande honetan, maiatzak 27, Arbizun jokatu da Nafarroako Master Mailako Txirrindularitza Txapelketa. Xabi Aranguren igantziarra (Transportes Bidasoa) 5. izan da, Iker Zabaleta gipuzkoarrak irabazitako laisterketan, hala ere master30 mailako azpi-txapeldun izan da Barillaseko David Garciaren gibeletik; hurrengo taldetxoan sartu dira Iñaki Villoria (Transportes Bidasoa) iruritarra eta Ion Zeberio (Transportes Bidasoa) elizondarra, master40 eta senior mailetan Nafarroako txapel bana lortuz, hauen gibelean iritsi da Patxi Meoki (AEL) elizondarra master50 mailako txapela lortuz.
Hasieratik ihesaldia osatu da eta sei txirrindularik osatu dute, Zabaleta (Goerna), García (Gamen), Iza (Ciclos-Iñaki), Jariod (Goerna), Guillermos Santos (Artezale) eta Igantziko Xabi Aranguren (Transportes Bidasoa). Xabik azkeneko igoeretan larunbatean Puertos de Ribagorza martxan erdietsitako 3. postua lortzeko esfortzua ordaindu du eta garaipeneko lehiatik kanpo geratu da; hala ere, Grauseko frogari, goizeko bostetan jeikitzea eta Grausetik Arbizura kotxez joatea gehituta igantziarraren 5. postuak eta Nafarroako azpi-txapelketak badu ia garaipen zaporea, txapela kentzeko moduko lana burutu baitu.
Luziano Mitxelena lesakarrak ez du laisterketa bukatu, baina master60 mailako Nafarroako Kopako mailota mantendu du. Ibon Urtiaga betelutarra, Joxe Angel Mitxelena lesakarra eta Bidasoa taldeko Rikik karrera bukatzea lortu dute. Hurrengo helburua Sabiñanigoko Master Saria, taldearentzat froga motibagarria eta berezia da, taldeko lagun diren Tere eta Luisen alaba zen Mireyaren omenezko laisterketa baita.