Osasun arloko murrizketen kontra protesta egin dute hainbat alkate eta zinegotzik Donezteben

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 24a

Foruzainek eta guardia zibilek ez zieten utzi hautetsiei errepidea mozten. Juan Mari Ondikol

Marta Vera kontseilariaren bixita aprobetxatuz, errepidea mozten saiatu ziren maiatzaren 23an

Inguru honetako zenbait alkate eta zinegotzik osasun arloko murrizketen kontra protesta egin zuten maiatzaren 23an, hain zuzen Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak murrizketa horien berri emateko Doneztebera egindako bixitaren harira. Errepidea mozten saiatu ziren, baina guardia zibilek eta foruzainek eragotzi zuten ekintza.

Inguru honetako zenbait alkate eta zinegotzik osasun arloko murrizketen kontra protesta egin zuten maiatzaren 23an, hain zuzen Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak murrizketa horien berri emateko Doneztebera egindako bixitaren harira. Errepidea mozten saiatu ziren, baina guardia zibilek eta foruzainek eragotzi zuten ekintza.

Protesta ekintzan zeuden Garbiñe Elizegi Baztango alkatea, Antonio Erregerena Bertizaranako alkatea, Amets Inda Sunbillako alkatea, Mari Jose Bereau Iturengo alkatea eta bertze zinegotziak eta Baztango herri batzuetako alkateak zeuden, herritarrekin batera. Doneztebe sarreran, Osasuna herritarron esbubidea: Murrizketarik ez zioen pankartarekin paratu ziren eta osasun kontseilariaren autoa herrira sartzen zenean errepidea mozten saiatu ziren, baina foruzainek eta guardia zibilek eragotzi zuten.  «Bakar bakarrik bi minutuz egon nahi genuen, gure aldarrikapena zein den eta ados ez gaudela ikus dezan», zioten udal hautetsiek. Garbiñe Elizegi Baztango alkateak aipatu zuenez, «ordezkapenak egiteko ez dago dirurik, baina bai hogei lagunen kontra halako oldarraldi poliziala egiteko».

Gainera, gero Doneztebeko Herriko Etxean egin zen bilerara ezin izan zuten udal ordezkari guziek parte hartu eta bileratik kanpo gelditu ziren Ituren, Bertizarana, Irurita, Arraioz eta Arizkungo alkateak eta bertze zinegotziak. Hortaz, Doneztebe, Baztan, Sunbilla eta Zubietako alkateekin bakarrik bildu ziren osasun departamentuko kontseilaria eta bertze ordezkariak, garatzen ari diren erien arretarako modelo berria azaltzeko.

Dena den, maiatzaren 31n bertze bilera batera etorriko omen da osasun kontseilaria eta hartan Bertizarana, Ituren, Etxalar, Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza, Urdazubi, Zugarramurdi eta Malerrekako bertze herri batzuetako alkateak gonbidatuak omen daude. Alkateen irudiko, «ez dute nahi denak elkarrekin agertzea eskualdeko osasun arloan ondorio larriak ekar ditzakeen murrizketen kontra».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun