Gure inguruan ezezaguna baldin bada ere, Frantzian xarma berezia duten 2.600 jatetxe eta hotel sartuak daude Logis katean. Orain, Nafarroan hedatzen hasi da Frantziako kate hau eta eskualdeko hiru hotel eta jatetxe sartu dira: Berako Churrut-Lenkonea, Donamariko Benta eta Lesakako Atxaspi. Gisa berean, Nafarroako bertze bizpahiru establezimendu ere atxiki dira. Ikusi bideoa
Bertze sektore batzuetan egiten den gisara, Logis katearen baitan dauden jatetxeen kategoria eltzeekin neurtzen da eta hotelen kategoria, tximiniekin. Donamariko Bentaren kasuan, jatetxea eta hotela eskaintzen ditu eta jatetxeak gehienez lortu daitezkeen hiru eltzeak dituen bitartean, hotelak bi tximinia ditu. Lesakako Atxaspik ere bi tximinia ditu. Berako Churrut hotelaren eta Lenkonea jatetxearen kasuan, berrikiago sartuak dira eta kanpoko ikuskaritza baten txostenaren arabera erabakiko da zenbateko kategoria hartzen duen.
Maiatzaren 24an, asteazken eguerdian, nolabait katearen berri komunikabideei emateko, aurkezpen berezia egin zuten Donamariko Bentan, kazetarien dastamena eta usaimenarekin jolasean. Honela, Zentzumenen dastaketa izenburupean, plater ezberdinez osatutako menua aurkeztu zuten eta bazkaltzen ari zirenek, plater bakoitzean zegoen osagaietako bat asmatu behar zuten hiru aukeren artean, lehenbizi dastamenaren bidez, baina gero usaimenaren bidez, produktu horietako bakoitza kolore ezberdinetako poteetan sartua baitzegoen eta usain eginez identifikatu behar baitzen.
Bazkari dotorearen bukaeran, txalo zaparrada beroa jaso zuten Haizea Luzuriaga eta Lourdes Montoya sukaldariek.
Lorea Luzuriaga, Donamariako Bentako arduradunak aipatu zigunez, «krisi garai honetan, eskaintza dibertsifikatzea eta merkatua irekitzea ongi datorkigu. Frantzian oso zabaldua dago Logis katea, parte hartzea eskaini digute eta gisa honetara, bezero frantziarrak erakartzea espero dugu».
Logis katean sartzeko eskatzen diren ezaugarriei dagokienez, «gauzak egiterako moduan filosofia bat» bilatzen dela aipatu digu Luzuriagak, «bezeroak zaindu, gure bizitzan eta eskualdean sartuz, gure produktuak ezagutzera emanez…».