Malerrekako herritarrei aisialdirako aukera eskaini bidenabar, Malerrekako herriak ezagutarazi nahi dira Zubietan maiatzaren 26ko Malerrekako Egunarekin, baita Malerrekako identitate komuna landu eta Mankomunitatearen berri eman ere. Horren harira, egun osoko egitaraua prestatu du Mankomunitateak.
Beintza-Labaien, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Ezkurra, Ituren, Oiz, Saldias, Sunbilla, Urroz eta Zubieta. Guztira 5.700 biztanle baino gehiago dituzten hamahiru udalerri hauek osatzen dute Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea. Urteak daramatza lanean Mankomunitateak, baina aurten lehenbizikoz, Malerrekako Eguna antolatu dute.
Larunbat goizeko 10:30ean Harrera ekitaldia eginen da. Zubietako Udalak eta Malerrekako 13 herrietako ordezkariek Malerrekako Egunari hasiera emango diote. Aurreskua dantzatuko da eta gosariaren ondotik, trikitilariak ibiliko dira herri guzitik.
11:30etik 13:00etara artisauen lanak ikusgai izanen dira herriko plazan. Opil jatea eginen da herriko plazan eta buruhandiak ibiliko dira herrian. 12:00etan dantzariek saioa eskainiko dute herriko plazan. 14:00etan bertsolariak ariko dira eta 14:30ean paella jatea izanen da. Bazkalondoan, 16:00etatik 18:00etara umeentzako tailerrak eta jokoak izanen dira eta Malerrekako mus txapelketaren finala jokatuko da. 17:30ean aizkora apustua jokatuko da. 19:00etan berendua (txokolatada) umeentzat. 20:00etan joaldunak aterako dira. 21:00etan lekukoa pasatzeko ekitaldia eginen da. Eratsunek hartuko du heldu den urtean festa honen lekukoa eta urte askotan Saldiasko alkate izan den Pedro Urrutiari omenaldia ere eginen zaio. Ondotik afaria izanen da eta gauerditik aitzinera musika plazan.
Aipatzekoa da errota irekia egonen delaa goizeko 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldean 15:00etatik 17:00etara eta gazteei aisialdirako jarduerak eskaintzeko sortu berria den Aintziña taldeak ere egun horretan aukeratuko duela bere logoa.