Herrira mugimenduak Goazen Plazara! ekimen arrakastatsua burutu zuen maiatzaren 19an Euskal Herria osoko kasik 250 plazetan. 30.000 lagun inguruk hartu zuten parte euskal preso politikoek Giza Eskubideen alde Euskal Herriko plaza ezberdinetan burututako mobilizazio eta ekimen parte hartzaileetan.
Herrira Mugimendutik jakinarazi dutenez, «bertze behin ere, euskal presoen eskubideen aldeko aldarriak euskal jendartearen baitan atxikimendu eta babes handia duela argi geratu zen».
Larunbateko eguraldi kaxkarrak ekimen batzuk baldintzatu zituen eta egoera ezberdinetan bizi diren herritar batzuk etxean gelditu behar izan zuten, adinagatik edo haurrak dituztelako. Baina kalera ateratzera animatu zirenak umorez eta fundamentu handiz burutu zituzten ekimenak, Herrira mugimendutik aipatu zutenez.
Goazen Plazara! ekimenak erakutsi zuen badirela hamaika modu euskal preso politikoen eskubideen alde egiteko: Elkarretaratzeak, mosaikoak, flash-mob-ak, Lip Dub-ak, Herri kirolak, Elkartasun Krossak, erakusketak, bazkariak, zozketak.... Espazio ezberdinak sortuz presoen afera txoko guztietara zabaltzea lortu zuten.
Eskualdeari dagokionez, zenbait herrietan aurrikusiak zeuden ekitaldiak zapuztu zituen, baina Lesakan, Beran, Arantzan, Igantzin, Elizondon, Goizuetan edo Leitzan bereden elkarretaratzeak eta argazkiak atera zituzten.