Naia Lacroix senpertarrak gose greba utzi du hitza eman diotelako ez dela gehiago bakarrik izanen

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 23a

Astearte arratsaldean egindako agerraldian Christine Bessonart Senpereko auzapezak ere parte hartu zuen. Utzitako argazkia

Bordeletik Dijongo espetxera eramanen omen dute laister

Senpereko Naia Lacroix euskal presoak utzi egin dio gose grebari, Frantziako espetxe arduradunek bakartze egoeratik aterako dutela erran diotelako. Maiatzaren 14an hasi zuen baraua, Bordeleko kartzelan, eta orain Dijongora eramanen dute laster. Hau da, isolamendutik ateratzearen truke Euskal Herritik oraindik ere gehiago urrunduko dute presoa.

Senpereko Naia Lacroix euskal presoak utzi egin dio gose grebari, Frantziako espetxe arduradunek bakartze egoeratik aterako dutela erran diotelako. Maiatzaren 14an hasi zuen baraua, Bordeleko kartzelan, eta orain Dijongora eramanen dute laster. Hau da, isolamendutik ateratzearen truke Euskal Herritik oraindik ere gehiago urrunduko dute presoa.

Lacroix otsailaren 7an atxilotu zuten Senperen, ahizparekin batera, kale eraso batekin lotuta.

Haren egoera salatzeko euskal preso batzuek eta herritarrek mobilizazioak egin dituzte. Erraterako, hamarnaka lagunek parte hartu zuten astearte arratsean Senperen Lacroixen egoera salatzeko Herrira mugimenduak antolatu agerraldian. Bertze hainbat hautetsiekin batera, herriko auzapeza Christine Bessonart izan zen.

Euskal Herritik 850 kilometrotara dagoen espetxe horretan ez dela orain arte euskal presorik izan oroitarazi dute agerraldian. Beraz, Lacroix bertara eraman eta gero, beste euskal preso bat mugitu beharko dute Dijon-era, Senpereko presoari emandako hitza bete nahi badute. Janine Beyrie, Etxerat elkarteko ordezkariak ez zuen ezkutatu espetxe agintariek kasu honetan hartu duten erabakiak zapore gazi-gozoa uzten duela.

«Beste bi familia ehunka kilometro egitera behartuak direla» nabarmendu du Beyriek. Isolamendua eta urruntasuna baliatzen dituen politika horrekin bukatzeko ezinbertzekotzat jo du Bessonart auzapezak egin bezala, «beste tokiko hautetsiek engaiamendu har dezatela bidegabakeri honekin bukatzeko».

Gaur egun 635 preso dira Euskal Herrian, horietarik 130 frantses estatuan. Preso horiek 30 presondegitan banatuak dira. Laster 31 espetxe izanen dira. Egun, 7 euskal preso isolaturik dira frantses espetxeetan.

«Gaur berriz galdegiten dugu frantses Estatuari presoak batzea Euskal Herrian lehen bait lehen eta ez segitzea dispertsio politika onartezina hau», eskatu zuen Emilie Martin Herrira mugimenduaren izenean.

Christine Bessonart Senpereko auzapezak Euskal Herriak bizi duen «esperantza garaian» horrelako jokabideak ulergaitzagak egiten zaizkiola aitortu zuen agerraldian. Naia Lacroix gazteari dagokion errugabetasun-presuntzioa aldarrikatuz, «baretze aldera» keinuen beharrean gaudela uste du Senpereko auzapeza izateaz gain Euskal Herriko Hautetsien Biltzarreko buru den Bessonartek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun