Ion Zeberiok lehen garaipena eman dio Transportes Bidasoa txirrindulari taldeari

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 21a

Azken sprintean nagusitu eta esku bat bederen altxatzea lortu zuen Ion Zeberiok. Utzitako argazkia

Monzon Hiria Sari Nagusia irabazi zuen igandean

Kostata izan bada ere, Transportes Bidasoa txirrindulari taldeak bere lehen garaipena erdietsi zuen igandean Monzon Hiria Sari Nagusian. Ion Zeberiok lehen kilometroetan gauzatutako ihesaldi bati esker lortu zuen irabaztea.

Kostata izan bada ere, Transportes Bidasoa txirrindulari taldeak bere lehen garaipena erdietsi zuen igandean Monzon Hiria Sari Nagusian. Ion Zeberiok lehen kilometroetan gauzatutako ihesaldi bati esker lortu zuen irabaztea.

Ehun kilometroko luzera zuen laisterketak ez zuen igoera gogorrik, baina horietako lehenengoan Ion Zeberiok aitzinera egin zuen eta 7. kilometroaz geroztik ihes eginda ibili zen; ihesaldiak txirrindulari kopuru aldakorra izan zuen eta Patxi Meoki elizondarra ere azken igoera bitartean ihesaldian izan zen. Ihesaldiko txirrindulariek elkar ongi hartu zuten, baina hala ere bazeuden erreleborik ematen ez zute txirrindulariak; horietako bat, Beton taldeko Carlos Ortigosa izan zen 30 kilometro faltan aitzinera egin zuena.

Hala ere, helmugatik 25 kilometrora gaina zuen igoeratxoan Arnal, Ortigosa, Casabal, Castillo eta Ion Zeberiok boskotea osatu zuten buruan eta jeitsieran taldea hamabi lagunera handitu zen. Hamabost kilometroren faltan Ortigosak berriro ere aitzinera egin zuen eta gibeleko taldetxoan ez zegoen ulermen aunitzik, eta Ion Zeberio erreleboetara sartzen zen arren, iheskide aunitz zeramatzan gurpilean; beraz bederatzi kilometroren faltan bakarlanean aitzinera egiten saiatu zen eta segidan harrapatu zuen Ortigosa.

Ortigosa eta Ion Zeberio erreleboetan sendo mantendu ziren eta taldetxoa beti 10-15 segundura izan arren garaipena euren artean jokatu zuten sprintean. Bien arteko sprintean Ion Zeberio izan zen azkarrena eta taldearen lehen garaipena lortu zuen. Patxi Meoki elizondoarra (AEL), minutu eskax batera iritsi zen bigarren taldetxo batean master50 mailako bigarren postua lortuz.

Asteburu honetan ere, Transportes Bidasoa taldeko Riki Martínez Safforreko itzulian izan da eta bigarren etapan onenekin ia bukaerarte egotea lortu zuen. Taldearen hurrengo helburua Arbizun jokatuko den Nafarroako Txapelketa da, txapel nagusiaz gain, lau mailetan aukerak dituzte Transportes Bidasoako txirrindulariek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun