Heldu den ekainaren 2an, Santurtzin, Euskal Herrian mintzapraktika taldeetan ari diren lagunen eguna ospatuko da: Mintza Eguna 2012. Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako solaslagunek autobusa antolatu dute hara joateko, eta debaldekoa izanen da.
Elizondotik goizeko 8:00etan aterako da, eta Doneztebeko autobus geltokian eta Berako Euskaldunako bidegurutzean eginen du geldialdia. Santurtzitik arratsaldeko 20:00etan eginen du buelta. Bazkarirako txartelak salgai daude, helduentzako 20 euroan (badira zeliako eta barazkijaleentzako menuak ere) eta umeen menua ere izanen da. Maiatzaren 23a baino lehen erosi ahal izanen dira, Bortzirietako euskara zerbitzura deituta (948 634125), Baztanen Elizondoko Suinki euskaltegian eta Donezteben, Malerrekako Euskara Zerbitzuan.
Santurtziko Mintza Egunera gonbidatuta daude, solaslagunak ez ezik, eskualdeko euskaldun eta euskaltzale guztiak. Gaur egun 65 herri edo hirietan 3.600 lagunetik goiti dira gisa honetako mintzapraktika taldeetan ari direnak.
Egitaraua
11:00etan harrera eta hamaiketakoa Santurtziko portuan.
12:00etan Bisita gidatua. Ume eta gurasolagunentzat jolasak.
13:30ean kalejira poteoa.
14:30ean bazkaria Gernika parkean.
16:30ean sari banaketa.
17:00etan erromeria Aldatz taldearekin.
20:00etan kantu-triki-poteoa eta sorpresa gehiago.