Naia Lacroix senpertarra isolamenduaren aurkako borrokan gose greban dago, Fresnesko euskal preso politikoekin batera. Egoera aldatzen ez bada, maiatzaren 23tik aitzinera egarri grebari ere ekinen dio. Egoeraren larritasuna ikusirik, hainbat mobilizazio iragarri dituzte.
Honela, maiatzaren 18an, ortziral arratsaldeko 19:00etan elgarretaratzea eginen da Senpereko Herriko Etxean. Maiatzaren 19an, larunbatean D.Lko hondartzan argazkia hartuko da Herrirak deituta eta ondotik, gazteek deitutako bertze ekimen bat eginen da. Arratsaldean, Ezpeletan EHBAI-en mitina badenez, sartzean elgarretaratzea eginen da gose grebako irudiekin. Bitartean, mahai bat emanen dute sarreran epaileari igortzeko gutun modeloekin, Naiaren kasua salatuz eta izenpeduren bilketarekin.
Maiatzaren 20an, igande goizeko 11:30ean Azkain-Sara eta Senperekoentzat meza Saran eginen dela baliatuz, trakta banaketa eginen da.
Maiatzaren 21ean, traktaketa Baionako sartzeetan eginen da, goizeko 07:30etik goiti, Saint Leon eta Maignon-en.
Maiatzaren 22an berriz, mahaingurua eskainiko dute hautetsi, hautagai, mediku eta orohar herritarrek Senperen. Asteazkenean, egarri grebaren hasieraren kari bertze zerbait antolatu da, baina oraindik zehaztekoa da.