Abian da Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketa, eta aldizkari hau argitaratzerako zenbait kategoriatako txapela ere erabakia izanen da.
Lau kategoriatan banatuta ari da jokatzen txapelketa, gizonezkoen 320 eta 300 kiloak, kadeteen 290 kiloak eta emakumezkoen 260 kiloak. Tartean badira eskualdeko taldeak ere, gizonezkoen bi mailatan ari diren Amaiurko Amaiur eta A.S.T. taldeak, hain zuzen.
Dagoeneko bi jardunaldi jokatu dira: maiatzaren 5ean Iruñean eta 13an Etxarri Aranatzen. Eta larunbat honetan, maiatzak 19, Amaiurrek hartuko du lekukoa eta 18:00etatik aitzinera, gizonezkoen 300 kilokoen lehenbiziko jardunaldia, kadeteen hirugarren jardunaldia eta emakumezkoen bigarren saioa jokatuko dira. Maiatzaren 27an Araitz bailaran (Betelun edo Atallun) eginen den jardunaldiarekin bukatuko da aurtengo Lauko Sokatira Txapelketa.
Iparraldeko Joko Torneoa
Ortziral honetan, hilak 18, bukatuko da Iparraldeko Joko Torneoan izena emateko epea. Interesatuek Nafarroako Herri Kirol Federaziora deitu (948 450900) edo idatzi behar dute (info@herrikirolaknafarroa.org).
Guztira hiru jardunaldi jokatuko dira liga sistema erabiliz. Oraingoz, bi dira zehaztuak dauden jardunaldiak, ekainaren 16ean Iruñeko zezen-plazan jokatuko dena eta ekainaren 24an Uharteko plazan eginen dena.
Probak banakakoak izanen dira eta modalitate bat baino gehiagotan apunta daiteke kirolaria.