Frantzia osoan bezala, gurean ere François Hollande Errepublikako president sozialista izan zen hautagai bozkatuena joan den maiatzaren 6ko bigarren itzulian, bozen %52,12rekin. Gainerat, Hollandek alde haundiagoa atera zion Nicolas Sarkozyri gure herrian Frantzia osoan baino. Senpere eskuin zentrokoa izan da betidanik eta lehen aldia da ezkerra nagusitzen dela hauteskunde presidentzialetan. Ipar Euskal Herri osoa bezala, gure herria ere ezkerrerat biratzen ari da pixkanaka pixkanaka. 2007an Ségolène Royal sozialistak 1 493 boz bildu zituen (%47,6) Sarkozyren parean (1643 boz, %52,39), eta aurten sozialisten emaitzak hobetu ditu Hollandek: 1 754 boz, %52,12. Nicolas Sarkozy doi bat apaldu da, 1 611 bozekin, %47,88. Aipagarria da tendentzia bera gertatu dela lehen aldikoz Senpere sartua den diputatua hautatzeko seigarren hautes barrutian ere, Michèle Alliot Marieren lurraldean. Hollandek bozen %51,5 izan zuen eta Sarkozyk %48,4. Dena den, hauteskunde guztiak desberdinak dira eta beraz, ez da segur tendetzia horrek segituko duela ekainaren 10 eta 17ko hauteskunde legegileetan. Baina aipagarria da ezkerrak egin duen urratsa orain arte eskuina hain indartsua zen tokietan ere.