Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sustatuta, badira urte batzuk Senperen Bai Euskarari Akordioa eta Ziurtagiria garatu zirela. Geroztik, euskara egunerokotasunean gehiago ikusi eta entzuteko neurri zehatzak hartu dituzte hainbat eragilek. Orain, ordea, herriko elkarte eta norbanekoek talde bat osatu dute eta erronka berria dute eskuartean: herriaren izen ofiziala Senpere bilaka dadin izenpedura bilketa antolatu dute. Maiatzaren 9an egindako agerraldian, Jean Bruno Etxeberri herritarrak adierazi zuenez, «euskarazko izena zuten auzo edo errekak frantsestu dituzte eta orain ez dute fitxik erran nahi». Euskarazko izenek eta euskarak herritarrentzat duten garrantzia aldarrikatzeko herriko izenari lehentasuna eman behar zaiola uste dute: «gure herrian euskaraz bizi nahi dugu, gure herria Senpere deitzen da, beraz, galdegiten diogu Herriko Etxeari euskarazko izena bilaka dadin herriaren izen ofiziala». Herriaren armarriak euskarazko hitzez jantziak diren bezala, bortiz eta on, herriaren izena Senpere izatea nahi dute eta «ziur» dira egitasmoak arrakasta ukanen duela. Izenpedurak biltzeko bloga: http://senpere.wordpress.com/.