Senpereko eremuen %90 mendi gune izendatu ditu berriki Frantziako Gobernuak eta horrek poztu ditu herriko hautetsiak, eta hemendik goiti laguntza haundiagoak eskuratuko dituzten laborariak. Gure 6 500 hektareetako 5 811 mendi gune sailkatu dituzte Euskal Herriko Laborantza Ganbara elkartearen eta Bruno LeMaire orain arte laborantza ministroaren laguntzari esker.
Orain arte, herri osoa mendi gune izendatzea galdetzen zen, baina ezezkoen aitzinean aldi huntan, Urdazuri ibaiaren hurbileko toki zelaienak bazterrean utzi dituzte eta alde malkartsuenak baizik ez dituzte kontuan hartu izendapena galdetzeko, eta azkenean erdiesteko.
Dominique Idiart auzapezordeak dio «entsegu frango egin zela, aspaldiko galdea zela, inguruetako herri guztiek izendapen hori baitute aspalditik». Mixel Berokoirigoin EHLG elkarteko buruzagiaren erranetan, senpertarren eskubidea zen laguntza hau lortzea: «Mendi laborantza gehiago gostatzen da tresna egokiak behar baitira, baina gero toki zelaietan egiten diren ekoizpenekin lehiatzen da, beraz, gauza ona da laguntza gehiago izatea». Théodore Leizagoien laborari saratar-senpertarraren arabera, «esperantza galtzen hasiak ginen eta guretzat izigarri berri ona dela toki tzarrak eta patarrak baitira Senperen». Bere semeak etxaldearen segida hartuko du laster eta mendi gune izendapenak, eta horrek ekartzen dituen laguntzek, dena aldatuko omen dute biharko laborari gazteentzat.
LABORARIAK POZIK
«Esperantza galtzen hasiak ginen eta guretzat izigarri berri ona da, toki tzarrak eta patarrak baitira Senperen»
Théodore LEIZAGOIEN