Giro ederrean joan da Itur Ondo elkartearen maiatzeko besta

Amaia eta Arantxa 2012ko maiatzaren 16a

Goitik beheiti, aizkora apustua, bazkaria eta mus txapelketako bikote finalistak. Arantxa Iturralde eta Amaia Mindegia

Jazinto eta Urbano izan dira musean irabazle

Urteroko ohiturari eu­tsiz, maiatzeko lehendabiziko igandean Itur-Ondo elkartearen besta eguna izan zen­.

Eguerdian aizkora apustua jokatu zuten herritarrek. Alde batetik, Dolareko Jesus eta Mitxeteneko Jose Luis aritu ziren, eta bestetik, Otxoneko Jazinto eta Maizenekobordako Xabier. Labaiengo plazara hurbildu zirenak gustura gelditu ziren aizkolariek egindako lanarekin gozatuz. Oso lehia polita izan zen eta azkenean, irabazleak Jesus eta Jose Luis izan ziren.

Ondotik, bazkaria egin zen elkartean eta giro onean joan zen. 45 lagun elkartu ziren eta gehienak musean aritu ziren bazkal ondoan. Otxoneko Jazinto eta Txispeko Urbanok irabazi zuten mus txapelketa eta azpitxapeldunak Jabier eta Joxe Mari izan ziren. Txapeldunek bina botil ardo irabazi zuten eta azpitxa­peldunek bana botila.

Duela hamahiru urte sortu zen Itur Ondo elkartea eta lehendabiziko bazkideen auzolanaren bitartez atera zen aurrera proiektu hau. Geroztik hainbat besta ederren lekuko izan da elkartea eta ekitaldi ugari ere antolatu dira Itur Ondotik: mendi irteerak, aizkora apustuak, Urriruko besta, inauteriak, otordu ederrak...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun