Aurten ere San Rafaelen irudiak ongietorria egin dio Aralarko San Migeli

Fernando ETXEBERRIA 2012ko maiatzaren 16a

Goiko argazkian gurutzea eta San Migel eta San Rafaelen irudiak ageri dira, harrera ­egiterakoan. Beheitikoan udal ordezkariak, San Migelen irudiarekin etorri zirenekin. Fernando Etxeberria

Migel aingerua datorrenean San Rafaelen irudia elizatik ateratzen duen herri bakarra da Ezkurra

Ohiturari segituz, maia­tzaren 7an Aralarko aingeruaren bisita izan genuen herrian. Arra­tsaldean etorri zen eta On Jesus Sotilen eskuetan elizara ailegatu zen momentuan euria hasi zuen. Hainbat h­e­rrita­rrek ongietorria egin zioten atarian, eta ondotik, meza entzun zuten. Musu eta agurra­k ere ez zuten hutsik egin.

Honekin lotuta, ba­da­ aipatzeko moduko bitxi­keria bat. Izan ere, San Mi­gel eta gurutzearen musuaren testigu lana egitera egun honetan San Rafaelen irudia ateratzen dute elizatik. Urte­ osoan San Migelen bisita hartzen den egunean bakarrik ateratzen da elizatik San Rafael, eta aur­ten ere horrela izan da.

Elizkizunen ondotik, San Migelen irudia udaletxera eramateko ohitura ere badago, han udal ordezkariek harrera egin diezaioten. Aldi honetan, tabernara joan­ ziren guztiak eta han eman zioten zinego­tzi eta alkateek irudiari musu. Ondotik, udal ordezkariek eta San Migelen irudiarekin etorritako guztiek elkarrekin afaldu zuten.

 

Hitzordu garrantzitsuena

Duela urte asko, San Migelen etorrera herritarrendako bisitarik ga­rrantzitsuetariko bat izaten zen. Ia herritar guz­tiak­ joaten ziren Perrale­kuko mugara, Goizueta­tik zetorren aingeruari ongietorria egitera eta ermitarako bidera ailegatu arte laguntzen zioten kanpai eta suziri artean. Han egoten ziren apaiza eta sakristaua gurutze haundi batekin eta elizako beste ain­geru baten irudiarekin. Ain­geru eta guru­tzea­ren arteko musuaren ondotik, elizaraino prozesioan joaten ziren herritarrak. Biharamunean, meza izaten zen eta Eratsungo mugaraino laguntzen zioten ge­ro­.

Euria aipatu dugula, bada aipatzea merezi duen beste kontu bat ere. Herriko adinekoen arabera, uholdearen pasadizoa joan den mendekoa da. Nonbait, garai hartan lehorte haundia omen zegoen eta herritarrak uzta galduko zuten beldur, urdurituak eta ikaratuak­ omen zeuden. Hala, behar zuten ura ekartzeko erregutuz egin omen zuten santuarekin prozesioa. Ura eskatu bai, baina ez zen nahi zen erantzunik izan, eta diotenez, zenbait lagun elizan sartu ziren gauez eta irudia hartu eta ostatuaren ondoan zegoen iturrian sartu omen zuten. Santuaren mendekua euri-eraun­tsi izuga­rria izan omen zen, baina herria maldan dagoenez, ez zen kalte haundirik izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun