Gero eta gutxiago gelditzen da Malerrekako Egunerako eta herritarrak gogotik ari dira prestaketa lanetan. Egun osoko egitaraua izanen da eta 10:30ean eginen den harrera ekitaldiaren ondotik, artisauak, opil-jatea, buruhaundiak, dantzariak, musikariak eta bertsolariak izanen dira eguerdira arte. Gero, paella jatea eginen da eta arratsaldean umeendako tailerrak, jokoak eta berendua izanen dira, baita mus txapelketako finala ere. Aizkora apustua ere jokatuko da eta joaldunek ere beraien harat-honatak eginen dituzte.
Gauean afaria eta musika izanen dira, besteak beste. Dena den, egitarau zehatza aldizkari honetako 4. orrialdean aurkituko duzue.
Hortik aparte, aipatzen ahal da, Eratsunek hartuko duela heldu den urtean fiesta honen lekukoa eta urte askotan Saldiasko alkate izan den Pedro Urrutiari omenaldia ere eginen zaio. Eta gazteei aisialdirako jarduerak eskaintzeko sortu berria den Aintziña taldeak egun horretan aukeratuko du logoa.
Bestalde, kontuak egiterako orduan, herriek ez dute diru askorik paratu beharko. Bi saski eta afariaren zozketatik, mus txapelketatik eta afaritik gastuei aurre egiteko dirua ateratzea espero da, eta beraz, herritarrentzat ez da gastu haundia izanen.
Zozketa aipatu dugula, salduko diren boletoetan eskualdeko produktuen bi saski eta afari bat zozketatuko dira eta mus txapelketako bikote irabazleak txapela eta 100 euro lortuko ditu eta azpitxapeldunak 100 euro. Herri bakoitzeko bikote txapeldunari botil ardo bana ere emanen zaio.
Beraz, egun honetan eginen diren ekitaldietan parte hartzeko animatzea besterik ez zaigu gelditzen. Bistakoa baita haur, gazte eta helduek denek izanen dutela ongi pasatzeko tartea.