Bidasoko XXV. Bertsopaper lehiaketa antolatu dute Berako Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Bertso Eskolak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, Baztan-Bidasoa inguruan bizi direnentzat. Jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketaren batean saritu ez diren bertsoak onartuko dira bakarrik eta norberak aukeratuko du gaia, doinua eta neurria.
Parte-hartzaileak lau mailatan banatuko dira: A mailan, 12 urte arteko haurrek parte hartuko dute eta guttienez bi bertso edo lau kopla osatu beharko dituzte. Sariei dagokienez, 30 euro eta trofeo bat eta bigarrenak 20 euro. B mailan, 12 urtetik 16 urte arteko gazteak sarituko dira eta guttienez lau bertso egin beharko dituzte. Irabazleak trofeoa eta 80 euro eramanen ditu eta bigarrenak 40 euro. C mailan, 16 urtetik 18 urte arteko gazteak sarituko dira eta guttienez sei bertso egin beharko dituzte. Irabazleak trofeoa eta 100 euro jasoko du eta bigarrenak 80 euro. D mailan, azkenik, 18 urtetik goitikoek hartuko dute parte eta guttienez zortzi bertso egin beharko dituzte. Irabazleak 150 euro eta trofeoa jasoko du eta bigarrenak 100 euro.
Bertsoak maiatzaren 25a baino lehen bidali beharko dira helbide honetara: Berako Kultur Etxea, Baztan-Bidasoako XXV. Bertsopaper Lehiaketa, Eztegara pasealekua 11, 31780 Bera (Nafarroa).
Bertsoak onartuak izateko izenburua eta adina eramanen dute bakarrik agerian. Bertze gutun-azal itxi batean bertsoen izenburua paratuko da azalean, eta barrenean egilearen izen-abizenak, adina eta telefonoa.
Epaimahaia Bortzirietako Bertso Eskolak izendatuko du, eta honen erabakia ezin izanen da gibelera bota. Epaimahaiak sariak hutsik ere utzi ahalko ditu, edo aipamen bereziak eman. Sariak Berako Kultur Etxean ekainaren 1ean, 18:00etan, eginen den ekitaldian banatuko dira.