Suhiltzaile boluntarioen parkeek Nafarroako babes zibileko sistemarekin duten atxikimendua berritzeko hitzarmena sinatu zuten maiatzaren 14an Agoitz, Bera, Izaba, Goizueta, Leitza, Lesaka eta Luzaideko udalek eta Roberto Jimenez, Nafarroako gobernuko presidente ordea eta Presidentzia, Toki Administrazio eta Barne kontseilariak.
Nafarroako Larrialdi Agentziak (ANE) bultzatzen duen babes zibileko sistema honen helburua larrialdiei eskaintzen zaien arreta koordinatzea da, bereziki prebentzioa, suteen itzaltzea eta salbamenduei dagokienean.
Sinadura ekitaldian, Jimenez presidente ordearekin batera, Marisol Taberna Berako alkatea, Pablo Miranda Goizuetako alkatea, Peio Etxabide Lesakako alkatea, Aitor Etxarri Leitzako zinegotzia eta Agoitz, Isaba eta Luzaideko alkateak izan ziren.
Gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak aurten 120.000 euro bideratu dituela suhiltzaile parke hauek finantzatzeko. Zehazki, Agoitz, Bera, Leitza eta Lesakako udalek 16.500na euro jaso dituzte, Luzaidekoak 17.000 euro, Isabakoak 18.000 euro eta Goizuetakoak 18.500 euro, gastu arruntei eta material inbertsio ttikiei aurre egiteko.
Zazpi parke hauek profesionalen parkeak dituzten herrietatik urrun daude eta horrek larrialdi baten aitzinean erantzuteko denbora luzatuko luke. Aldi berean, herri horietan profesionalen parkeak jartzea ez da bideragarriak, urtean ez baitituzte interbentzio aunitzik egiten. 2011n, zazpi parke hauetan 124 suhiltzaile boluntario aritu dira eta 485 interbentziotan parte hartu dute, batez ere suteetan, bilaketetan eta erreskateetan.