Maiatzaren 5ean Txantrean egin zuen bezalaxe, maiatzaren 13an Etxarri Aranazen ere tiraldi guziak irabazi eta Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketan gizonezkoen 320 kiloko kategorian Amaiurrek jantzi du txapela.
Amaiurrek 14 tanto eskuratu zituen igande honetako saioan eta bigarren, Amaiur Kirol Elkartearen baitan gehien bat Urruñako tiralariek osatutako Ibardin izan zen. Ibardin eta Basaburua-Imotz hamarna tanturekin berdinduak gelditu ziren, baina kitarako txanda Ibardinek irabazi zuen. Laugarren Txantrea izan zen, bosgarren Berriozar, seigarren Amaiur Kirol Elkarteko AST taldea eta zazpigarren Txantrea Kirol Elkarteko Kaskailueta. Sailkapen orokorrean ere lehen hiru postuetan berdin gelditu ziren: Amaiur txapeldun, Ibardin bigarren, Basaburua-Imotz hirugarren. Laugarren postua Berriozarrentzat izan zen, bosgarrena Txantrearentzat, seigarrena ASTrentzat eta zazpigarrena Kaskailuetarentzat.
Txapela janzterakoan, Amaiur nahiz AST taldekoek istripua izan duen Iñaki Iriarte taldekidea gogoratu zuten, Aupa Alu! Txapel hau hirekin! zioen kamixetarekin.
Mutil kadeteen 290 kiloko bigarren jardunaldian hiruna puntu terdirekin berdindu egin zuten BKE (Berriozar) eta Txantreak, baina puntu bana terdirekin Andra Mari eta Berriozarrek ere.
260 kiloko emakumeen lehen saioa ere jokatu zen Etxarri Aranazen eta Sakana nagusitu zen, Basaburua-Imotz eta Berriozarren aitzinetik.
Hirugarren jardunaldia Amaiurren maiatzaren 19an
Hirugarren jardunaldia Amaiurren izanen da, maiatzaren 19an, larunbat arratsaldeko 18:00etan. Gizonezkoen 300 kiloko lehen jardunaldia, kadeteen 290 kiloko hirugarren jardunaldia eta emakumezkoen 260 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dira.
Maiatzaren 27an Araitz bailaran (Betelun edo Atallun) eginen den jardunaldiarekin bukatuko da aurtengo Lauko Sokatira Txapelketa.