Berriki Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekak Basilio Saroberen liburu eta dokumentu dohaintza garrantzitsu bat jaso du. Ez da lehenengo aldia, lehenago ere XX. mende hasierako bi euskal liburutxoren oparia egina baitzion Euskaltzaindiari, baina bere txikitasunean jakingarriak eta aipagarriak badira ere, azken hilabetean, bi multzotan, garrantzi historiko handiagoa duten dokumentuak dohaintzan eman dizkio euskararen Akademiari: Eliza Katolikoaren liturgia euskaratzeko hastapenarekin lotutako hainbat makinaizkribu eta argitalpen.
Jakina denez latina izan da Eliza Katolikoaren liturgiaren hizkuntza nagusia mendez mende. Xehetasun historikotan sartu gabe,Trentoko Kontzilioan, hau da, XVI. mendean, finkatu zen ondoko lau mendetan aldaketa ttikiekin mota guztietako errituetan erabil beharreko testuen multzoa (Missale, Ordo missae, Lectionarium eta abar), baina jakina denez XX. mendean, Vatikano II. Kontzilioan erabateko iraultza gertatu zen, Elizak liturgia herriaren hizkuntzan egitea erabaki baitzuen. Horrek berehala ekarri zuen testu berriak prestatu beharra eta horretarako Elizak berak makina bat batzorde eta talde sortu zituen munduan zehar. Jakina denez ere, oro har prozesua ikaragarri arina izan zen, ia-ia urte batetik bertzera latinezko meza oroitzapenen ganbaran gordeta geratu baitzen; adin batetik beherakoentzat, grezierazko edo aramerazko meza bat bezain urrun.
Liturgia euskaratze prozesua
Eta euskarari buruz, zer? Bada, euskal elizbarrutietan apaiz eta erlijioso euskaltzaleek berehala sortu zituzten testuak euskaratzeko taldeak eta lanari ekin zioten gogotsu. Itxura guztien arabera Iparraldean lehenago, ziur aski hango eliz agintarien artean harrera ulerkorragoa aurkitzen zutelako, jakina baita Espainiako hierarkia eklesiastikoak mesfidantza handiz ikusten zuela Vatikano II.a oro har, eta euskararekiko ulerberatasunik ere biziki nekez aurkitzen zelako agintarien artean. Baina, bestalde, zenbait lagunen entusiasmoak eta grinak oztopo guztiak gainditzeko gaitasuna izan zuen. Urte oso gutxiren buruan euskarazko mezak normaltasun osoz ematen ziren herri askotan.
Basilio Sarobe, Sunbillako erretorea, talde euskaltzale horietako kide historiko nabarmena dugu. Zenbat izan ziren bide malkartsu hari ekin ziotenak? Nortzuk? Non biltzen ziren? Nola antolatzen eta koordinatzen ziren? Zer testu itzuli zituzten? Nola? Zer hizkuntza eredu erabili zuten? Zergatik? Nola zabaldu ziren testuak? Nola sustraitu ziren herritarren artean, erabat ezagunak izan arte? Galdera ugari, euskararen eta Euskal Herriaren historiarentzako interes bizia dutenak eta orain arte orain arte oso gutxi ikertu direnak. Hain justu ere, Euskaltzaindiak dohaintzan jaso dituen testuak historia hori egiteko balioko dute.