Malerrekan errotuluak euskaraz paratzeko dirulaguntza deialdia egin du Mankomunitateak eta abenduaren 31n akituko da eskabideak aurkezteko epea.
Malerrekan errotuluak euskaraz jartzen dituzten establezimendu komertzialei (dendak), ostalaritzakoei (ostatuak) eta elkarteei ditu-laguntzak emateko modua ezarri du honela Mankomunitateak.
Dirulaguntzaren eskatzaileek, eskabide eredu ofiziala behar den moduan beterik, fakturaren kopia, IFKren fotokopia, errotuluaren justifikazioa (argazkia) eta Malerrekako Mankomunitatearekin betebehear fiskaletan egunean dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute Mankomunitatean.
Malerrekako Mankomunitateak egitasmo honetarako 2.000 euroko aurrekontua dauka eta hori akitu arte emanen dira dirulaguntzak. Euskara hutsean idatzita dagoen errotulua jartzen dutenei gastuaren erdia ordainduko zaie, 300 euro gehienez. Euskaraz eta erdaraz, elebiz, idatzita dagoen errotulua jartzen dutenei gastuaren %25 ordainduko zaie, gehienez ere 150 euro. Kasu honetan, errotuluaren testuan euskarak beti lehentasuna izanen du, hau da, euskarazko testuak tamainaz handiago izan edo azpimarratua egon beharko du. Modu berean, ez dute diru laguntzarik jasoko soilik izen-abizenak edo toponimoak dituzten errotuluek, ezta gaizki idatziak edo oker gramatikalak dituzten errotuluek.
Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak aholkularitza eta itzulpen zerbitzua eskainiko die doan errotulua euskaratu nahi dutenei.