“Senpere” herriko izen ofiziala bilaka dadin izenpetze bilketa eginen da

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 10a

Izenpetze bilketa kanpainaren berri emateko agerraldia egin dute maiatzaren 9an. Kontseilua

Kontseiluak sustatzen duen "Euskaraz blai" dinamikaren baitan

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sustatzen duen Euskaraz bai dinamikaren baitan, Senpereko elkarte eta norbabakoek talde bat osatu dute eta lehenik izenpetze bilketa bat antolatu dute, “Senpere” herriaren izen ofiziala bilaka dadin.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sustatzen duen Euskaraz bai dinamikaren baitan, Senpereko elkarte eta norbabakoek talde bat osatu dute eta lehenik izenpetze bilketa bat antolatu dute, “Senpere” herriaren izen ofiziala bilaka dadin.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskaraz bai dinamika sustatzen du Euskal Herriko hainbat herritan. Helburua euskararen tokia handitzea da herriko sektore desberdinetan, herritarrek hautatu eta antolatu ekimen desberdinen bitartez. Senperen Bai Euskarari Akordioa eta Ziurtagiria garatu ziren duela urte batzuk eta geroztik anitz dira euskara egunerokotasunean gehiago ikusi eta entzuteko neurri zehatzak hartu dituzten komertxante, elkarte edota medikuak.  

«Orain, ezinbestekoa da herritarren dinamika bat urrats horiek eman dituztenak animatzeko eta beste hainbat proiektu asmatzeko, Senperen euskaraz bizi ahal izateko», azaldu du Kontseiluko ordezkaria den Laida Mugicak. Herriko elkarte eta norbanakoek talde bat osatu dute eta lehen lan gisa izenpedura bilketa bat antolatu dute, “Senpere” herriaren izen ofiziala bilaka dadin. «Lanean hasteko ekintza polita eta federatzailea iduritu zaigu», gehitu du.

Lehen bilkuran, bakoitzak ikusten zituen beharretaz eta lehentasunetaz mintzatu ziren, eta laster atera zen toponimiaren gaia. «Euskarazko izena zuten auzo edo errekak frantsestu dituzte eta orain ez dute fitxik erran nahi» adierazi du Jean Bruno Etcheverry Senpertarrak. Euskarazko izenek eta euskarak Senpertarrentzat duten garrantzia aldarrikatzeko, herriko izenari lehentasuna eman behar zitzaiola pentsatu dute taldeko kideek. «Gure herrian euskaraz bizi nahi dugu, gure herria “Senpere” deitzen da, beraz galdegiten diogu Herriko Etxeari euskarazko izena bilaka dadin herriaren izen ofiziala» azaldu du.

Herriaren armarriak euskarazko hitzez jantziak diren bezala “bortitz eta on” , herriaren izena “Senpere” izatea nahi dute. Ziur dira gainera egitasmoak arrakasta ukanen duela herrian: «badakigu Senpertar anitzen nahia dela, eta anitzek, nahiz eta frantsesez mintzatu, “Senpere” erabiltzen dutela, beraz gauza naturala litzateke izen ofiziala bilakatzea. Senpereko herritarrak Senpertarrak deitzen dira, bai euskaraz, baita ere frantsesez, beraz goazen herriari euskarazko izena ematera!».

Ondoren, Seb Irazokik izenpedurak biltzeko sortu duten bloga aurkeztu du: http://senpere.wordpress.com/. «Bertan eta modu errexean, ekimenari atxikimendua ematen ahal zaio. Senpertarrei galdegiten diegu izenpetzea, baina baita ere inguruko herrietako edota Senperera Herri urrats egunean etortzen diren euskaltzale guztiei».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun