Maiatzaren 5ean, larunbat arratsaldeko 17:30ean Iruñeko Alde Zaharreko Burgoen Plazan eginen den lehen saioarekin abiatuko da zazpigarren aldiz jokatuko den Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketa. Euria eginen balu Txantreako igerilekuan jokatuko litzateke jardunaldia.
Lau kategoriatan banatuta jokatuko da txapelketa, gizonezkoen 320 eta 300 kiloak, kadeteen 290 kiloak eta emakumezkoen 260 kiloak. Tartean badira eskualdeko taldeak ere, gizonezkoen bi mailatan ari diren Amaiurko Amaiur eta A.S.T. taldeak. Iruñeko lehen jardunaldian 320 kiloko gizonezkoen eta 290 kiloko kadeteen norgehiagokak jokatu behar ziren. Helduetan, Amaiur eta AST taldeekin batera, Basaburua-Imotz, Tantrea, Kaskailueta, Berriozar eta Ibardin aritzekoak dira. Kadetetan, Txantrea, Andra Mari, Berriozar eta BKE ariko dira.
Bigarren jardunaldia maiatzaren 13an, igande goizeko 11:30ean jokatuko da Etxarri Aranazen. Hirugarren jardunaldia Amaiurren izanen da, maiatzaren 19an, larunbat arratsaldeko 18:00etan. Maiatzaren 27an Araitz bailaran (Betelun edo Atallun) eginen den jardunaldiarekin bukatuko da aurtengo Lauko Sokatira Txapelketa.