Berriki bere azken egoitzarat segitua izan da Felix Karrikaburu, Motxoa etxeko seme apeza. Uztaritzen eta Maulen irakasle egona, 84 urtetan pausatu den gure senpertarra jendakina zen biziki. Aise mintzatzen zen denekin eskuak ainitz mugituz eta bozari doinuak aldatuz. Senpertarreri, familiari eta sortetxeari errotik atxikia zen eta maiz galde bera egiten zuen: «Zer da berri Senperen?». Gustukoak zituen ongi ezagutzen zituen gure herriko bazter xoragarriak Ortzan, Oihamun, Harrixabaleta, Zirikolatz, Otsantz eta holakoak... Maiz kurrituak zituen leku horiek ihizian ibiltzen zelarik gazte denboran. Begi onez ikusten zuen Otsantzbehereko kapera René Clément fundazioak berritu izana. 2010eko udan, otoitz leku horren estrenatze egunean oroitarazi zuen Zuraide, Uztaritze eta Senpereko mugan den kapera hortan meza eman izan zuela duela zonbait urte irakasle zelarik Lapurdiko hirinagusi ohiko seminarioan.
Lagunen arteko solasaldietan gogoratzen zuen: «gazteekin etortzen nintzen, lorietan pasatzen ginuen eguna, arratseko sartzen ginen berriz seminarioan!». Eskuarari biziki atxikia zen Felix zena eta maite zuen oroitaraztea bere deitura, Karrikaburu, Xiberoko abizena zela. Otsantz eta Otsantzbehera aipatzen zituelarik, Aita Lafiteri bezala, iduritzen zitzaion izen horrek lotura zuela Ortzanekin, Ortzango errekarekin, oraingo aintzirarekin. Gogoan zuen Otsolarrea ere hurbil zela, hortik Ortzan eta Otsantzetik. Orain horiek oro zerutik begiratuko ditu, ondoan duelarik bere anaia maitea Pierre Karrikaburu Motxo, hura ere gan den urtean joana. Ez adiorik Felix...