Haur Eskolen baldintzak okertuko direla salatzeko elkarretaratzeak egiten hasi dira

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 3a

Baztango Haur Eskolak, Baztango eskola ttikien, San Francisco Javier eskola publikoaren eta Baztan ikastolaren babesa izan zuen asteazken arratsaldeko elkarretaratzean. Juan Mari Ondikol

Bera, Baztan eta Malerrekako haur eskolek bat egin dute

0-3 urtekoen hezkuntza zikloko plataformak deituta, Nafarroako Gobernuak Foru Dekretuan egin nahi duen aldaketaren kontrako mobilizazioak egiten ari dira egunotan Nafarroa osoan, baita eskualdean ere.

0-3 urtekoen hezkuntza zikloko plataformak deituta, Nafarroako Gobernuak Foru Dekretuan egin nahi duen aldaketaren kontrako mobilizazioak egiten ari dira egunotan Nafarroa osoan, baita eskualdean ere.

Asteazken eta ortzegun honetan, maiatzak 2 eta 3, kalera aterako dira Nafarroa osoko haur eskola gehienak. Bera, Elizondo eta Doneztebeko haur eskolek ekimenarekin bat egin dute eta egun horietan elkarretaratzeak egiten ari dira. Elizondon, asteazken arratsaldeko 18:00etan bildu ziren plazan, Donezteben ortzegun goizeko 09:30ean bildu dira eta Beran ortzegunean 17:00etan Errekalde parean elkartuko dira, Mukixu Haur Eskolak deituta.

Argazkian ageri denez, asteazkenean Elizondon, Segurtasuna bermatzeko, haur kopurua ez igo, Kalitatezko haur eskolen alde, Elizondoko Eskola Publikoa Murrizketarik ez!!! zioten pankartekin atera ziren haur eskolakoak plazara eta Baztango eskola ttikien, Elizondoko San Francisco Javier eskola publikoaren eta Baztan ikastolaren babesa izan zuten.

 

Dekretuan aldaketak

Haur Hezkuntzako lehenbiziko edo 0-3 urtekoen zikloa arautzen duen 28/2007 Foru Dekretua aldatu nahi du Nafarroako Gobernuak, hezitzaile bakoitzak artatzen ahal duen haur kopurua igoz eta ziklo honetako ikasle zein irakasleen baldintzak okertuko direlaren beldur dira Haur Eskolak.

Gaur egun, hezitzaile bakoitzak bularra hartzen duten 8 neska-mutiko artatu behar ditu, 1-2 urte arteko 12 haur eta 2-3 urte arteko 16. Europan, aldiz, ratioa erdia da, hau da, hezitzaile bakoitzak gehienez bularra hartzen duten lau haur, 1-2 urte arteko 6 eta 2-3 urte arteko 8 atenditzen ahal ditu. Beraz, lehendik ere haundia zen haur kopurua oraindik ere handitu nahi dutenez, kalitatearen ikuspegitik gibelerako pausua dela uste dute Haur Eskolek.

Gainera, haur eskolen baldintza fisikoetan ere aldaketak egin nahi dituzte eta horrek haurren garapena kaltetzen ahal duela uste dute. Honela, 0-3 urte arteko haurrak dituzten zentroak patiorik gabekoak edo argindar naturalik gabekoak ere izan daitezke dekretu berriaren arabera, eta komunek ez dute nahitaez ikasgelen ondoan egon behar, horrek dakarren segurtasun galerarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun