Zubieta izanen da aurten lehenbiziko aldiz ospatuko den Malerrekako Eguna hartuko duen lehen herria. Maiatzaren 26an Malerrekako hamahiru udalerritako herritarrak besta giroan biltzeko hitzordua egin du Malerrekako Mankomunitateak eta egun guztirako egitarau betea prestatu du: musika goizean eta gauean, artisau erakusketa, opil jatea, buruhandiak, dantzariak, bertsolariak, paella-jatea, umeentzako tailerrak eta jokoak, mus txapelketaren finala, aizkora apustua, joaldunak, herri afaria... Egun atsegin bat pasatzeko aukera ederra. Eguna hurbiltzen ari den heinean, egitaraua zehaztuko dugu.
Dena den, badira aitzinetik kontuan hartu beharreko zeinbat ohar. Alde batetik, herri afarian 150 lagunendako tokia izanen da eta joan nahi duenak txartelak Malerrekako Mankomunitatearen bulegoan edo herrietako zinegotziei galdetuta eskuratu ahal izanen ditu, 25 eurotan.
Malerrekako Egunerako zozketa ere prestatu dute. Txartelak euro batean paratu dituzte salgai eta zozketa egun haundian eginen da: Malerrekako produktuez osatutako bi saski eta bi lagunendako afaria zozketatuko dira. Boletoak Mankomunitatean edo zinegotzien esku daude, erosi nahi izanez gero.
Mus txapelketa ere eginen da Malerrekako Egunaren harira. Finala maiatzaren 26an eginen da, baina aitzinetik herri bakoitzean kanporaketa bat eginen dute. Izen-ematea hamar euro kostako da. Finalera pasako diren bikote guztiek botil ardo bana hartuko dute. Irabazleek, berriz, 50na euro eta txapela hartuko dituzte eta azpitxapeldunek 50na euro.
Ospakizunaren nondik norakoak azaltzeko prentsaurrekoa eginen dute maiatzaren 22an 18:00etan.