Urtero garai honetan ohikoa den hitzorduari hutsik egin gabe, Udalak Udaberriko Feria antolatu du ortziral honetan, maiatzak 4, Cederna-Garalur Elkartearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.
10:00etan emanen zaio hasiera azokari. Ordu horretatik 14:00etara, eskualdeko artisauen erakusketa izanen da. 11:00etatik 13:00etara , berriz, aurten seigarren aldiz, ahari lehiaketa eginen da Merkatu Plazan.
Beti bezala, Malerrekako latxa arrazako ahari lehiaketa izanen da eta mutur gorriendako eta mutur beltzendako hiruna sari banatuko dira: kategoria bakoitzean, lehenbiziko sarituek 120 euro jasoko dituzte; bigarrenek 70 euro eta hirugarrenek 50 euro. Sari banaketa 13:30ean eginen da Merkatuko plazan. Horrez gain, ahari buruak aurkezten dituzten baserritarrei 30 euro emanen zaizkie parte hartzeagatik.