Esan beharrik ez dago, Ulibeltzak Elkarteak garrantzi haundia duela herrian egiten diren ekitaldi aunitzetan eta horixe bera gertatzen da herriko bestetan. Santiburtzioetan antolatzen diren ekitaldi gehienak elkartetik antolatzen dira: Latasaren omenez egiten den aizkora apustua, toka, aitzur eta zartagin txapelketak, Baztan-zopak, zikiro-jatea, plater-tiroketa, mus txapelketa... Ekitaldi horietan laguntzen duten bazkideek ez du derramarik ordaintzen eta gainontzekoei 20 euro derrama kobratu ohi zaie.
Aurtengo bestak urruti ikusi arren, prestatzen hasiak dira elkarteko zuzendaritzakoak. Bilera batzuk egin dituzte eta bertze gauzen artean, Latasaren omenez egiten den aizkora apustuaz solastu dira, hori izaten baita aurrekontu haundieneko ekitaldia.
Ulibeltzak Elkarteak urtero jende berdintsua izaten du laguntzeko, baina lagundu nahi duen bazkideak ez ditu sekula ateak itxiak izanen.