Beratarrek irabazi dute eskualdeko komunikabideen aldeko mus txapelketa

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 2a

Lau bikote finalistak, eta txapela soinean Berako Asier Saragueta eta Patxiku Artieda irabazleak. TTIPI TTAPA

22 bikote lehiatu ziren apirilaren 14an Sunbillan

Xaloa Telebista, Xo­rroxin Irratia eta TTIPI-TTA­PAren aldeko mus txapelketaren finala apirilaren 14an jokatu zen Sunbillako Ulibeltzak elkartean. 22 bikote aritu ziren azken saioan eta final handian, Berako Asier Saraguetak eta Patxiku Artiedak lortu zuten txapela, Arantzako Antton Maiz eta Lourdes Goñi senar-emaz­teei irabazita.

Herriz herri jokatu diren txapelketetan 198 bikotek eman dute izena eta hortaz, 4.000 euro lortu dira Xorroxin, Xaloa eta TTIPI-TTAPArendako. Hiru komunikabideen izenean eskerrak eman behar dizkiegu partehartzaileei, baita antolaketan eta sarietan lagundu duten eskualdeko hainbat elkarteri ere.

Almandozen, 16 bikoterekin eta Sunbillan, 15 bikoterekin, jokatu ziren txapelketarik jendetsuenak. Herriz herri jokatutako txapelketa horietako txapeldunek zuten hitzordua apirilaren 14an Sunbillan, 22 bikotek denetara. He­rri bakoitzetik, beraz, bikote bana izan zen. Antolatzaileek hala erabakita, finala antolatzen laguntza haundia eskaini duen Sunbillako Ulibel­tzak elkarteko bi bikote izan ziren final haundian. Elizondotik ere bi bikote etorri ziren, Erlategiko txapelketan aritutako Aitor eta Iban Ruiz de Larrinaga eta Falfarak elkarteko An­gel Telletxea eta Iñaki Telletxea aita-semeak. Zugarramurdiko bikoterik, aldiz, ez zen izan.

Kontuak kontu, jokoan sartu eta final laurdenetarako txartela lortu zuten Bera, Aniz, Arantza, Almandoz, Zubieta, Elizondoko Falfarak, Sunbilla eta Oronozko bikoteek. Final-laurden horietan, Berako Asier Saragueta eta Patxiku Artiedak irabazi egin zioten Anizko bikoteari; Arantzako An­tton Maiz eta Lourdes Goñik ere irabazi egin zieten Almandozko Lorenzo eta Jose Luis Oskozi; Elizondoko Falfarak taldeko Angel eta Iñaki Telletxeak ere garaipena lortu zuten Zubietako Txomin Ugalde eta Hilario Mutuberriaren kontra eta Sunbillako Jose Miguel Galain eta Jose Luis Agirrek menpean hartu zituzten Oronozko Jose Altxu eta Joxemi Arizmendi.

Finalerdietan, Aran­tzako Antton Maiz eta Lourdes Goñi senar-emazteek irabazi zieten Sunbillako Jose Miguel­ eta Jose Luisi eta Berako Saraguetak eta Artiedak bertze horrenbertze egin zuen Elizondoko Telletxea aita-semeekin.

Final handian, Berako Asier Saraguetak eta Patxiku Artiedak lortu zuten garaipena eta An­tton Maiz eta Lourdes Goñi azpitxapeldun izan ziren.

Txapeldunendako txapela eta trofeoaz ­gain, eskualdeko produktuekin osatutako saskia izan zen, 300 eurotan baloratua. Azpi­txapeldunek ere eskual­deko produktuekin osatutako saskia lortu zuten, 200 eurotan balora­tua eta hirugarren gelditu zirenek, Jose Miguel eta Jose Luis sunbildarrak eta laugarren sailkatuek, Angel eta Iñaki Telletxea aita-semeek, sagardo botilak etxeratu zituzten.

 

LEHEN BI POSTUAK

Berako Asier Saragueta eta Patxiku Artiedak irabazi dute txapelketa eta Aran­tzako Antton Maiz eta Lourdes Goñi azpitxapeldun izan dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun