Dendariak, medikuak edo lankideak euskaraz ez dakielako gaztelaniaz egin beharra, ezezagun batekin gaztelaniaz hasi eta gero konturatu euskaraz badakiela... Euskaldunak egoera deseroso frankorekin egiten du topo egunerokoan. Bada egoera horietan zer egin jakiteko, euskaraz egiteko baliabideak landu ditu Gemma Sangines psikologoak.
Euskaraz noiznahi eta nonahi eroso aritzea. Horixe da TELP saioen –Taller D’Espai Lingüistic Personal edo Norbanakoaren Hizkuntz Espazioaren Tailerra– helburua. Izan ere, euskaldun hiztunak maiz izaten ditu egoera deserosoak egunerokoan: zenbat aldiz gertatu ote zaigu elkarrizketa bat euskaraz hasi eta gaztelaniaz hitz eginez bukatzea solaskideak hartara eraman gaituelako?, lantokian euskaraz ez dakien lankide batengatik gaztelaniaz hitz egin behar izatea, lagunartean euskaraz ez dakien norbait dagoelako gaztelaniara pasatzea, dendariak euskaraz ez dakielako gaztelaniaz hitz egitea, edo besterik gabe gaztelaniara pasatzea, ezezagun batekin erdaraz hasi eta gero euskaraz badakiela konturatzea... Tailerraren bitartez, euskaraz nonahi aritzeko baliabideak eskaintzen dira eta horretan aritu dira Beran eta Elizondon berriki. Gemma Sangines psikologoak eskaini ditu ikastaroak. Sortzez bilbotarra da, euskaldun berria, baina urte dezente darama Valentzian bizitzen. Katalan hiztuna izanik, eta hizkuntza horren erabilerak kezkaturik, hizkuntza menpekotasuna aztertzen hasi zen Ferran Suayrekin batera; zergatik aldatzen diren katalan hiztunak gaztelaniara hainbat egoeratan. 2003an tailerrak antolatzen hasi ziren, eta 2006an Euskal Herrira etorri ziren, euskaraz naturaltasunez aritzeko aholkuak ematera. Geroztik hainbatetan etorri dira.
Sanginesen arabera, «hiztun gutxitu bezala, gure espazio linguistikoa txikia da eta gainera, partekatua, eta horrelakoetan, ez dugu normal jokatzen. Mugak aurkitzen ditugu guretik kanpo eta gure barnean. Alde batetik, beste hizkuntzaren aurrean, eskubide gutxiago ditugu, eta bestetik, gure aurreiritziak ere arazo dira. Horrek euskaldun bezala euskaraz aritzeko momentuan moztu egiten gaitu».
Eta zein dira deseroso sentiarazten gaituzten aurreiritzi horiek? ‘Pertsona honek ez gaitu ulertuko’ pentsatzea, euskaraz egitea edukazio txarrekoa dela pentsatzea, hitz egin behar dugun horri euskaldun itxurarik aurkitzen ez diogunean... «Horren ondorioa erdaraz egitea da. Ez dugu normal jokatzen eta horregatik sentitzen gara deseroso».
Euskaraz aritzeko baliabideak
Egoera horien aitzinean, euskaraz aritzeko baliabideak hiru taldetan banatu ditu psikologo bilbotarrak. Alde batetik, gure baliabide kognitiboak aipatu dizkigu: «gure buruan aurreiritzi horiek aurkitu eta aldatu behar ditugu, beste modu batera jokatzeko. Horrez gain, pentsamendu kolonialista hori ere burutik kendu behar dugu, euskaraz aritzea edukazioa txarrekoa dela pentsatzeak ez du zentzurik eta gure burutik kendu behar dugu». Bestetik, maila fisiologikoa dugu: «egoera jakin batean, urduri sentitzen bagara, hori kontrolatzeko teknika ikas dezakegu, edozein terapiatan bezala». Eta azken maila komunikazioarena izanen litzateke: «zer eta nola esan jakitea. Egoerak ez dira horren desberdinak, behin eta berriz errepikatzen dira, eta erantzun berak egoera berdinetarako ikas ditzakegu». Hiztun bezala, nekea burutik kentzen saiatu behar dela adierazi digu: «nekea zigor zuzena da eta oso erangikorra da beste modu batera jokatzeko, eta horrela, eroso sentitzeko erdaraz egiten dugu. Baina hiztun kontzientziadun bezala, horrela ere ez gara eroso egonen. Horregatik azaltzen dugu zigor bikoitzarena: euskaraz egin eta gaizki sentitu, eta erdaraz egin eta gaizki. Biak dira deserosoak eta ondorio txarrak dituzte».
Komunikatzeko unea
Norbaitekin komunikatzerakoan «momentu asko» daudela dio Sanginesek eta semaforoaren kodearen bidez eman dizkigu xehetasunak. «Komunikatzeko benetako arazoa ailegatu baino lehen, badira euskaraz aritzeko semaforoa berdean aurkituko ditugun egoerak». Semaforoa berdean dagoeneko egoerak honela azaldu dizkigu psikologoak: «bestearekin hitz egin baino lehen, solaslagunak ez duela entzun edo ulertu adierazteko eskua belarrian jartzeko keinua egin edo ‘nola?’ galdetzen duenean, edota euskaraz zailtasunez hitz egiten duenean. Hiru maila horietan oraindik semaforoa berdean dago eta inork ez digu esan elkar ulertzeko arazorik izanen dugunik». Maila horietan egon daitekeen arazo bakarra «gure barnean» dagoela dio Sanginesek eta «halakoetan ‘saiatu euskaraz egiten’ esan behar diogu gure buruari».
Laugarren mailan semaforoa horian aurkituko dugu: «askotan, aurrean dugunak ez duela euskaraz hitz egiten esaten du, baina horrek ez du esan nahi ulertzen ez duenik. Hor ere euskaraz egiten saia gaitezke», aholkatu du. Beraz, «semaforoa berdean edo horian dugunean euskaraz egin eta zer gertatzen den itxaron. Ordura arte ez hasi pentsatzen eta ez nekatu».
Bosgarren eta seigarren mailan izanen dugu semaforoa gorrian eta hor aurkituko dugu komunikaziorako «benetako arazoa». Ulertzen ez digula esaten digun momentua da bosgarren urratsa eta horrelako kasuetarako, «gure aurrean dagoen edozein pertsonarekin komunikatzeko hizkuntzaren %80 ez-ahozkoa dela» oroitarazi digu. «Errumaniar batekin hitz egitean, bere hizkuntza ez baldin badakigu eta berak gurea ezagutzen ez duenean, nolabait komunikatzea lortuko dugu. Ez dugu elkarrizketa naturala edukiko baina komunikatuko gara». Eta goreneko mailan baldin bagaude, solaskideak gaztelaniaz egiteko exijitu digulako izanen da. «Horrelakoetan, normalean, ez da ulertu ala ez kontua, baizik eta dominatzea da. ‘Hemen nago ni eta zuk nik esaten dudana eginen duzu’ adierazten digute eta normalean, behintzat, pertsona horiekin ez zaigu komunikatzea interesatzen, ez hizkuntzari eta ez beste ezerri buruz ere. Berehala ikusiko dugu erasoa egiten ari den ala ez, eta horren arabera erabakiko dugu zer egin».
Sanginesen irudiko, hizkuntza menpekotasuna gainditzearena ez da kontzientzia kontua: «Orain arte, oso kontutan izan da kontzientziadunak izan behar dugula, euskaraz egin behar dugula, behar, behar behar... Baina ez da ‘behar’ kontua, ‘jakin’ da kontua. Badakigu hori aldatzea nahi dugula, badakigu euskara bizirik nahi dugula, badakigu euskara maite dugula... Badirudi erdaraz hitz egitea neutroa dela eta ez da. Akzioak behar dira, jokaerek hitzek baino askoz altuago hitz egiten dute».
Hizkuntzaz aldatzeko joera hori aurrekoengandik datorkigula uste du: «menpekotasun hori gurasoengandik datorkigu. Historiak ere hori erakutsi digu. Eta bestetik, ohiturak indar haundia du. Hiztunok ohitura oso barneratua dugu eta ohiturak aldatzea zaila da. ‘Honekin beti egin izan dut erdaraz’, esaten dugu, eta aldatzeak aurrean horma haundi bat dugula dirudi. Baina ohiturak ere apur daitezke».
Ohiturak alda daitezkeela azpimarratzearekin batera, semaforoa berdean edo horian dagoenean euskaraz egiten badugu aldaketa handia gertatuko dela azaldu digu eta ez dela hain zaila. Dioenez, «euskaraz gerora ikasi dugunoei mesede haundia egiten digute euskaldunek euskaldun izaten». Eta euskaldun osoaren kontzeptuaz ere mintzatu zaigu: «Jose Maria Sanchez Carrion Txepetxek euskaldun osoaren kontzeptua erabiltzen zuen, soziolingustika ikuspuntutik euskalduna euskara jakitea, kontrolatzea zela esanez. Eta nik psikologiaren ikuspuntutik sartuko nuke euskaldun osoaren kontzeptua, espazio linguistiko osoan, leku guztietan, euskaraz egitea, eta arazoa sortzen bada, hau da, semaforoa gorrian baldin badago, zer egin erabaki beharko dugu».
EUSKALDUN OSOA
«Leku guztietan euskaraz egin beharko genuke eta arazoa sortzen baldin bada, hau da, semaforoa gorrian baldin badago, hor zer egin erabaki»
Gemma SANGINES Psikologoa
DATUA
6 MOMENTU bereizten ditu Gemma Sanginesek komunikatzerakoan. Lehen lauretan ez du euskaraz egiteko arazorik ikusten, eta azkenekoetan komunikatzeko arazoak sor daitezke.