Oñatz eta Julen San Miguel doneztebarrak eta Gorka Urtasun iruritarrak eta Aizpuruak lortu dute dagoeneko Udaberriko Erremonte txapelketaren finalerdietarako txartela. Oñatzek eta San Miguelek jokatutako bi partidak irabazi dituzte eta multzo buru izanen dira. Urtasun eta Aizpuruak galdu egin zuten ortzegunean Etxeberriatarren kontra, baina halere, tanteoak txartela eman die.
Oñatz eta Julen San Miguel doneztebarra dira Udaberriko erremonte txapelketaren finalerdirako lehen sailkatuak, ortzegunean 40-39 irabazi baitzioten Xanti Uterga doneztebarrari eta Ioni. Honela, jokatutako bi partidak irabazi dituztenez, A multzoko lehenbizikoak izanen dira.
Partida ikusgarria eskaini zuten lau pilotariek eta Oñatz izan zen onena, 19 tantu akitu baitzituen. Gorriak beti aitzinetik ibili ziren, baina abantaila ez zen sei tantutik pasatu (26-20). Baina urdinek behin eta berriz hurbiltzea lortzen zuten, adibidez, 39-35etik 39nako berdinketara. San Miguelek ia ezinezkoa zirudien bi pareteko bat bueltatu ondotik, Oñatzek egin zuen sailkapena eman dien tantua.
Orain, Uterga eta Ionek, Urriza eta Patxi Olazarren jokatuko duten partidan erabakiko da A multzoko bigarren sailkatua. Irabazten duenak aitzinera eginen du.
B multzoan, berriz, Gorka Urtasun eta Aizpuruak 38 eta 40 galdu zuten Etxeberria IV eta Etxeberria III.aren kontra baina halere, tanteoak finalerdietarako txartela eman die iruritarrari eta gipuzkoarrari. Izan ere, lehen partidan 40-37 irabazi zieten Zeberio eta Barrenetxeari eta hortaz, +1 tantuko aldea dute sailkapenean. Larunbatean Zeberio eta Barrenetxea, Etxeberriatarren kontra ariko dira eta bi bikoteetako bat ez da tanteo horretara ailegatuko. Etxeberriatarrek aski izanen dute 38 tantu egitea, horrela tanteoan alderik gabe geldituko liratekeelakoz eta Zeberio eta Barrenetxea -1ekin. Beraz, Zeberio eta Barrenetxeak irabazteaz gain, 37 tantu baino guttiagorekin utzi beharko dituzte Etxeberriatarrak.
Ortzeguneko emaitzak Galarretan
1. Zulaika-Zubiri, 35; Urrutia II-Zubizarreta, 26
2. Oñatz-San Miguel, 40; Uterga-Ion, 39 UDABERRIKO TXAPELKETA
3. Urtasun-Aizpurua II, 38; Etxeberria IV-Etxeberria III, 40 UDABERRIKO TXAPELKETA
4. Matxin III-Saldias, 18; Etxabe II-Agirrezabala, 30