Gazteluko herriak, Malerrekako Mankomunitatearen, IMTren eta Donamariako Benta jatetxearen laguntzarekin hainbat jarduera antolatu baititu.
Maiatzaren 2an, asteazken arratsaldeko 17:00etan erabilera anitzeko aretoan Elikagaien alde alaia, umeen jolasa tailerra eskainiko du Donamariako Bentako sukaldariak.
Maiatzaren 3an, ortzegun arratsaldeko 18:00etan umeendako serigrafia tailerra eginen da parkean edo frontoian, eguraldiaren arabera. 21:00etan erabilera anitzeko aretoan, Malerrekako ahozko ondarea bideo emanaldia eskainiko da.
Maiatzaren 4ean, ortziral arratsaldeko 18:00etan parkean edo frontoian, talo tailerra eta berendua izanen dira. 20:00etan herrian barna, kantu zaharrak kantatzen ibiliko dira, Malerreka kantuz ekimenaren barrenean. Herriko Ostatuan egina da hitzordua. 22:00etan Herriko Ostatuan mus txapelketa jokatuko da. Malerrekako Egunean jokatuko den final haundirako txartela egonen da jokoan.
Maiatzaren 5ean, larunbat goizeko 09:00etan Herriko Ostatutik abiatuta, mendi ibilaldi erraza eginen da. Bidartxokon gosaria eginen da. 18:00etan, erabilera anitzeko aretoan, Izaskun Mugika umeendako ipuin kontalaria kontu kontari ariko da eta 21:00etan bertso afaria izanen da Herriko Ostatuan, Julio Soto eta Beñat Gaztelumendirekin. Ondotik dantzaldia Migel Angel Agerralderekin.