Master kategoriako Transportes Bidasoa txirrindulari taldeko Iñaki Villoria iruritarrak bigarren postua erdietsi zuen apirilaren 21ean Torquemadan (Palentzia), hirugarrena segidan taldearentzat, eta Iñaki berak eta Ion Zeberiok master40 eta senior mailetan garaipena lortu zuten Transportes Bidasoa taldearentzat; Patxi Meoki, AEL taldeko elizondarrak ere, master50 mailan garaipena lortu zuen.
Transportes Bidasoa master taldeko hiru txirrindulari gerturatu ziren larunbatean (apirilak 21) Torquemadara (Palentzia), Xabi Aranguren igantziarra, Iñaki Villoria iruritarra eta Ion Zeberio legazpiarra. Haizeak erabaki zuen laisterketa eta 30. kilometroan Villoria ihesaldiaren bila abiatu zen pelotoia gibelean utzita; 60 kilometroko ihesaldi luzea osatu zuen beste hiru kiderekin. Azkenean iruritarrak Caverorekin jokatu zuen laisterketa sprintean eta azken hau izan zen azkarrena. Ion (18.) eta Meoki (23.) tropel nagusian iritsi ziren eta Xabi Aranguren, Villoriaren ihesaldia babesteko lanetan energia ugari xahututa, pelotoiaren antzinean helmugaratu zen taldetxo batean.
Jokoan ziren bost sailkapenetatik baztandarrek hiru lortu zituzten eta Iñakiren 2. postua Transportes Bidasoa taldeak lortzen duen hirugarrena da. Badirudi garaipena gertu dagoela, baina horretarako entrenamenduetan gogor eta laisterketetan sendo mantendu beharko dira gure txirrindulariak.