18 ahari aurkeztu dira Doneztebeko Udaberriko feriako lehiaketara

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 4a

Ahari lehiaketako saridunak, Ana Etxeberria eta Oskar Mindegia zinegotzien artean. Alicia Del Castillo

Lehenbiziko sariak Donamariko Zabaltenera eta Oizko Telletxenekobordara joan dira

Doneztebeko Udaberriko feria seigarren aldiz ospatu da ortziralean, maiatzaren 4ean, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur elkartearen laguntzaz antolatua. 18 ahari aurkeztu dira lehiaketara.

Doneztebeko Udaberriko feria seigarren aldiz ospatu da ortziralean, maiatzaren 4ean, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur elkartearen laguntzaz antolatua. 18 ahari aurkeztu dira lehiaketara.

Goizeko 11etatik eguerdiko ordubatetara bosgarren ahari lehiaketa egin da Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten 18 buru aurkeztu dira lehiaketara, 12 artzainen eskutik. Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia bada ere, zenbait edizioetan gorriak bakarrik agertu dira. Aurten, berriz, 4 ahari muturbeltz eder aurkeztu dira. Horien artean, Donamariko Zabalteneko Joxe Mari Indak aurkeztutakoarentzat izan da 120 euroko lehen saria. Bigarren eta hirugarren sariak, berriz, 70 eta 50 euro, Beintza-Labaiengo Iñarreko Angel Elizondok aurkeztutako bi bururentzat izan dira.

Mutur gorrien atalean, lehenbiziko bi sariak Oizera joan dira. Lehenbiziko sariko 120 euroak Telletxenekobordako Lucio Telletxeak aurkeztutako ahariarentzat izan dira eta bigarren sariko 70 euroak Abortenekobordako Jaime Urrozentzat. Hirugarren saria, berriz, aitzineko edizio gehienetan irabazle suertatua zen Sunbillako Pixarnekobordako Jose Beñardo Bazterrikaren ahariarentzat izan da. Ana Etxeberria eta Oskar MIndegia zinegotzien eskutik jaso dituzte sariak.

Baina dena ez da ahari lehiaketa izan eta, eguraldia lagun, azienda feria polita gelditu da ortziralgoizean. Martin eta Mendiburutarren eskutik behi buruak ere agertu dira, batzuk bere aretxeekin eta salmenta onak egin dituztela ere aipatu dute.

Goizeko 10etatik eguerdiko ordubietara, eskualdeko artisauen lanen erakusketa eta salmenta ere izan da. Aitzineko urteetan elizatarian eta aurten Herriko Etxeko arkupetan iragarria bazegoen ere, eguraldi eguzkitsua ikusita Merkatu Plazan erakutsi eta saldu dituzte beraien produktuak eta, dena leku berean biltzerakoan, animazio handia izan da. Zubietako Santiago Hualderen zur lanak, Malu Alvarezen zilar lanak, Zubietako Fausti Juanikorenaren ehunak, baita Zubietako Itziar Smith eta Andrew Smith, bere artisautza tailerra eta argazkiekin. Jateko aukera ere izan da, Oizko Carlos Mindegiaren gaztak eta Zubietako Joxepa Loiarteren taldeak taloak eskaini baitituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun