Apirilaren 21ean, larunbatean abiatu zen Galarretan Udaberriko erremonte txapelketa. Lehenbiziko partidan, A multzoan, berriki Sagardoaren Txapelketa irabazi duten Oñatz eta Julen San Miguelek 40 eta 31 irabazi zieten Urriza eta Patxi Olazarri. Bigarrenean, B multzoan, Gorka Urtasun eta min hartua dagoen Iñaki Lizaso ordezkatu zuen Aizpurua II.ak 40-37 irabazi zieten Zeberio II eta Barrenetxea IV.ari.
Apirilaren 26an, ortzegunarekin, A multzoan Xanti Uterga eta Jon, Oñatz eta Julen San Migelen kontra ariko dira. Apirilaren 28an, larunbatarekin, B multzoan, Endika eta Etxeberria III, Gorka Urtasun eta Iñaki Lizasoren kontra ariko dira. Maiatzaren 1ean, asteartearekin, A multzoan, Uterga eta Jon, Urriza eta Patxi Olazarren kontra ariko dira eta B multzoan, Endika eta Joxe Etxeberria, Zeberio II eta Barrenetxea IV.aren kontra.
Finalerdiak maiatzaren 5ean eta 12an jokatuko dira eta finala maiatzaren 19an. Aipatzekoa da finalerdietara sailkatzen diren bikoteek, oraindik erabat zehaztu gabe dagoen frontoi laburreko txapelketa ere jokatuko dutela, Euskal Jai Berrik antolatuta. Berrikuntza bezala, aurten Errioxako frontoietan jokatuko da frontoi laburreko txapelketa hau.