Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien Zuzendaritza Nagusiak Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien ibilbide orria aurkeztuko du apirilaren 26an, ortzegun arratsaldeko 19:00etan, Doneztebeko zineman. Azken hilabeteotan landutako lana da, Nafarroako Gobernuak joan den urteko urrian, azaroan eta abenduan antolatutako partaidetza- eta eztabaida mahaietatik abiatuta.
Guzmán Garmendia Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien zuzendari nagusiak, Iñaki Agirre eta Mª Jesus Ganboarekin batera iragarri zituzten ekimen berri honen printzipioak apirilaren 20an, Doneztebeko zineman prentsa aurrean egindako agerraldian. Garmendiaren erranetan, «herri-administrazioaren gardentasuna herritarrekiko; herritarrek beraiek egindako proposamenak abiapuntu hartuta proiektu edo neurri berrien plangintza egitea eta, herri-administrazioen eta herritarren arteko eztabaida aktiboa bultzatzea» dira printzipio nagusiak. Egitasmo berria eta berritzailea den neurrian, aurkezpen publikoak ari dira egiten hainbat herritan eta, aurkezpen hauetan, aurretik egin diren eztabaida publikorako mahaietan jasotakoak aurkezten ari dira: software librearen zabalpena Nafarroan; gobernuaren eta herritarren arteko komunikazioa; internetaren egoera landa-eremuan eta (IKT) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zabalkundea.