Oriamendi 2010 enpresak Udaberriko Babolat-VolvoAuto Suecia erremonte txapelketa aurkeztu du apirilaren 19an Galarretan. Sei bikote ariko dira , bi multzotan banatuak eta finala maiatzaren 19an jokatuko da. Txapelketa kalitatezkoa eta orekatua izanen dela iragarri dute.
A multzoan, berriki Sagardoaren txapelketa irabazi duten Oñatz eta Julen San Migel doneztebarrak eginen dute bikote, baita Xanti Uterga doneztebarrak eta Jonek eta Urriza eta Patxi Olazar doneztebarrak. B multzoan, bi bikote eskualdeko erremontelariek osatua izanen da. Gorka Urtasun iruritarra eta Iñaki Lizaso doneztebarra, Endika Urrutia saldiastarra eta Joxe Etxeberria III doneztebarra eta Zeberio II eta Barrenetxea IV gipuzkoarrak izanen dira multzo honetan. Beraz, gaur egun punta-puntan dauden erremontelari guziak ariko dira, min hartua dagoen Koteto Ezkurra izan ezik.
Aipatu bezala, apirilaren 21ean, larunbat arratsaldean jokatuko dira txapelketako lehen partidak. A multzoan, Oñatz eta San Migel, Urriza eta Olazarren kontra ariko dira eta B multzoan, Zeberio II eta Barrenetxea IV, Urtasun eta Lizasoren kontra.
Apirilaren 26an, ortzegunarekin, A multzoan Uterga eta Jon larunbateko irabazleen kontra ariko dira. Apirilaren 28an, larunbatarekin, B multzoan, Endika eta Etxeberria III larunbateko irabazleen kontra ariko dira. Maiatzaren 1ean, asteartearekin, A multzoan, Uterga eta Jon larunbat honetako galtzaileen kontra ariko dira eta B multzoan, Endika eta Etxeberria, larunbateko galtzaileen kontra.
Finalerdiak maiatzaren 5ean eta 12an jokatuko dira eta finala maiatzaren 19an. Aipatzekoa da finalerdietara sailkatzen diren bikoteek, oraindik erabat zehaztu gabe dagoen frontoi laburreko txapelketa ere jokatuko dutela, Euskal Jai Berrik antolatuta. Berrikuntza bezala, aurten Errioxako frontoietan jokatuko da frontoi laburreko txapelketa hau.