Inifife liburua plazaratu du Peio Jorajuria berriketariak, bere hirugarren idazlana

Franck DOLOSOR 2012ko api. 18a, 12:21

Peio Jorajuria eta bertze sei lagun Maroko aldean ibili ziren duela bi urte. Utzitako argazkia

Duela bi urte Marokoko mendietarat egindako bidaia bildu du liburuan

Maiatz argitaletxeak berrikuntzak agertu ditu aurten ere Sarako Idazleen Biltzarrean, hauen artean, Inifife Peio Jorajuria senpertarraren hirugarren liburua. Bidarrain finkatua den kazetariarekin mintzatu da TTIPI TTAPA.

• TTIPI-TTAPA: Irudia eta bat batekotasunaren garaian zergatik idatzi?

Peio Jorajuria: Idatziak garrantzi haundia du, nik segurik maite dut ainitz idaztea. Funtsean nire ofizioa da. Herria astekarian idazle buru gisa badut aste guziz zer nahi idazteko. Gaiak­ badira, erreportajeak, hortan ari naiz alde bat, maite dut euskaraz idaz­tea, eta ahal dudalarik lanetik aparte idazten dut bainan hor niretzat. Idatzia egoten da, ez da irratian bezala mintzoa solasa airatzen baita.

• TT: Aktualitatea eta literatura uztartzea ariketa bat da?

PJ: Idaztea maite baitut ez zaut kostatzen. Gero, egia da denbora hartzen duela eta beti hor behar dela. Akiga­rri da batzuetan eta sentitzen dugu beharra urrun­tzeko eta pausa­tzeko. Halere, gusta­tzen zait gustagarria baita. Eguneroko aktualitatean, beroan bero pasa­tzen dena aipatu behar da, ahatik poesia edo bertze lan bat zurea delarik zure baitako sentimenduak ematen dituzu barnean. Landuagoa den zerbait da.

• TT: Bidarrai eta Uzkinazo Luma liburuen ondotik, orain Inifife...

PJ: Duela bi urte, zazpi lagun Marokoko mendietarat, Goi Atlatserat joan ginen hamar egun pasatzerat. 1 500-3 000 metra arteko mazeletan gida batekin eta mandozainekin ibili ginen. Gurutzatu genituen hango jendeak eta esperientzia xoragarria izan zen. Nik ez nuen ezagutzen, zinez mundu bat arrotza zen niretzat eta handik itzulita enbeia izan dut ikusi dutana partikatzea hemengo jendeari, jasta ematea. Amazik populua ezagutu genuen hango hizkuntza eta kultura duena. Gutizia izan dut hortaz parte harraraztea molde errexean kondatuz.

• TT: eta Inifife zer ote da?

PJ: Mendi batean arroila baten jauste zuta biziki gaixtoa da. Ahal bezala jautsi ginen. Pasabidearen izena da Inifife, tira-buxoin baten moldean da behar da jakin hango artzainak beren ardi eta ahuntzekin pasabide hortatik pasatzen direla. Harrigarri da, ez da asma­tzen ahal nola pasatzen ahal diren. Sinistea ere zaila da. Liburuari doinu politeko izena eman diot. Ez nuen batere ezagutzen, zinez herrialde arrotza zautan eta ikusi dut duela 60 urte hemen zen bezala bizi direla. Ez da traktorerik edo tresnarik eta eskuz egiten dute dena. Urik ez dute etxeetan, beraz, uraren bila joaten dira erreketarat eta xuriketak han egiten dituzte. Halere, mementu berean bitxi da antena parabolikoak direlakoz nun nahi.

 

AKTUALITATEA-LITERATURA

«Eguneroko aktualitatean, beroan bero pasatzen dena aipatu behar da, ahatik poesia edo bertze lan bat zurea delarik zure baitako sentimenduak ematen dituzu barnean»

Peio JORAJURIA Berriketaria eta idazlea

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun