Arkupeak elkartekoek bidaia ederra egin genuen martxoaren 28an Erriberrin. Bi autobusetan jende mordoska bildu ginen, batek Baztan eta Doneztebeko kideak hartuz; eta besteak Miarritz, Irun eta Berako lagunak bilduz, Ezkurra erreka, Urumea, Leitzaran eta Larraun errekako bidaiariekin betea. Begiak zabalik, mendi arte estuetatik Erriberako leiho zabaleraino, Euskal Herritik atera gabe, Erriberrin bildu ginen, jakinminez beteta.
Egun ederra atera zen. Ez zen eguzkiaren bila joan beharrik izan, Leitzako nahiz Tafalla inguruko haize errotak, denak, geldirik baitzeuden gure izar haundiaren diztirari begira.
Oliteko gaztelu zaharra paradore bihurtua dagoenez, gaztelu berria, Carlos III.a Nobleak eraikia, eta Santa Mariaren eliza daude ikusgai. Eta hor irekitzen zaizkigu begi aurrean hainbeste harri istorioz beteak, artez aseak, elizako ate nagusitik erretaularaino. Gidariaren argibideak ahalik eta hobekien entzunez gazteluko gelak, dorreak, ur-putzua, izotzmeta eta abar ikusi genituen. Eta azkeneko begirakada bat gailurretik landa zabaletara: mahastiak, olibondoak… eta lanbro tartean, mendi gainean, Uxueko Amaren dorre-eliza, behin bateko gure euskararen muga.
Piedemonte bodega ere bisitatu genuen, bertako ardo gorri, beltz, eta txuria dastatuz, eta hainbeste mila urteetan ikasitako erak gure eskuetara isuri zitzaizkigun, habearteko modernoak eta tresna berriak ikusiz.
Bazkaltzeko, Eriberritik Erriberara hedatu ginen, Marisolen Kadreitako jatetxera. Eta Iruñean geldialditxo bat eginez, burua ikaskizunez betea eta begiak erdi zabalik, etxerat itzuli ginen.