Gazteen aisialdi faltari eta indibidualismoari aurre egiteko, Aintziña Aisialdi Taldea sortu dute Malerreka eta Bertizaranako hainbat gaztek. Duela urtebete Malerrekako Gazte Asanbladak gazte izanda, zein arazo dituzten galdetu zien inguruko 100 gazteri eta kezka haien artean aisialdi falta agertu zen, eta horrekin loturik indibidualismoa. Bada, arazo honi buelta ematera dator Aintziña taldea. Denbora librerako ekintzak egiteaz arduratzen da taldea eta bilerak hilabeteko azken ortziraletan egiten dituzte Malerrekako Mankomunitatearen egoitzan, Donezteben. Eskualdeko gazteriaren arteko harremanak sendotu bidenabar, gazteria mugitzea da helburu nagusia, eta honekin batera herrietako gazteek elkar ezagutzea, kontsumoan oinarritu gabeko aisialdi eredua bultzatzea, euskal kultura sustatzea, munduko kulturekin harremanetan jartzea eta eskualdeko herriei bizia ematea. Antolatuko diren ekintzak gehienbat gazteei bideratuak egonen badira ere, adin guztietako jendearendako ekimenak antolatzen saiatu nahi dute. Bertzalde, garbi utzi nahi dute jarduera hauek irekiak izanen direla eta nahi duenak parte hartzen ahal duela.
Logotipo bila
Taldea sortu berria denez, logotipo bila dabiltza eta horretarako logotipo lehiaketa paratu dute martxan. Hauek dira baldintzak: «koloretan edo zuri-beltzean izan daiteke, gazteak garela eta aisialdi talde bat dela kontuan hartu behar da eta ordenagailuz edo eskuz egina izan daiteke».
Logotipoa apirilaren 27a baino lehen aurkeztu behar da. Egun horretan 20:00etarako Malerrekako Mankomunitatera eraman beharko da edo bertzela, helbide honetara bidali: Leitzako errepidea 1, 3. ezkerra.
Bildutako lanekin erakusketa eginen dute maiatzaren 26an Zubietan eginen den Malerreka Egunean, eta batek jasoko du saria.