13 urdaiazpiko zozketatuko ditu merkatarien elkarteak apirilaren 30ean

Nerea TELLETXEA 2012ko apirilaren 17a

Apirilaren 28ra arte egiten diren erosketekin banatuko dira txartelak

Udaberri honetan, Malerreka osatzen duten hamahiru he­rriak kontutan hartuz, hamahiru urdaiazpiko zozketatuko ditu Donezteba­rrak Merkatarien Elkarteak. Malerrekako eskualdearen alde eginen den ekintza izanen da honakoa. Hortaz, zozketatuko diren hamahiru urdaiazpikoek ingu­ruko hamahiru herrien izena izanen dute.

Zozketa apirilaren 30ean eginen da eta parte hartzeko apirilaren 16tik 28ra merkatarien elkarteko bazkide diren dendetan ematen diren tiketetan izen-abizenak, herria eta telefonoa apuntatu eta bertan egonen den kutxan sartu behar dira.

Zozketa eguna Udaberriko Azokaren eguna izanen da. Egun ho­rretan 10:00etatik 19:30era Santa Luzia plazan egonen dira merkatariak eta 18:00etan eginen dute zozketa.

Parte hartu eta ea zein­ herritako urdaiazpikoa tokatzen zaizun! Zorte on!

Aipatu, bertzalde, herriko ostatuek antolatuta, bosgarren Pin­txo Lehiaketa ere egun ho­rretan eginen dela.

 

Norbere publizitatea diseinatzeko

Nafarroako Merkataritza Federazioak antolatuta, norbere publizitatea diseinatzeko ikastaroa egiten ari dira astelehenaz geroztik. Maia­­tzaren 11ra bitarte­, 40 orduko ikastaroa eskainiko da Enplegu Bulegoan, 14:30etik 16:30­era.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun