Ekitaldi franko izan ziren Asteburu Kulturalean ikusteko eta gozatzeko eta horietako batzuk aipatuko ditugu. Ortziral arratsean, Xaloa, Xorroxin eta TTIPI-TTAPAren aldeko mus txapelketa egin zen Ulibeltzak Elkartean eta 15 bikotek eman zuten izena. Niebes eta Mª Angeles izan ziren txapeldunak; Jose Migel eta Jose Luis txapeldunordeak; hirugarrenak Jorge eta Angel izan ziren eta laugarrenak Maria eta Agurtxane. Biharamun goizean patata tortilla lehiaketa izan zen eta bortz taldek parte hartu zuten. Gaztetxoak ere animatu ziren, baita irabazi ere. Angel Mariezkurrena eta Niebes Biurrarenak osatu zuten epaimahaia. Ulibeltzak Elkartean egindako bazkarira 25 bat lagun joan ziren. Gero, alde batetik, ginkana egin zuten gazteek eta bertzetik, haurrek hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera izan zuten. Alde batetik, marrazki lehiaketa egin zen eta 31 partehartzaile izan ziren. Lehenbiziko mailan (Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako 2. mailara) Helene Rekarte izan zen irabazle eta Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitartekoan Jon Iriarte Mikeperizena nagusitu zen. Angel Mariezkurrena, Rakel Urtxegi eta Maider Petrirenak osatu zuten epaimahaia eta maila haundiko lehiaketa izan zen. Gero, merendua eta marrazki lehiaketako sari banaketak egin ziren. Haur ttikiendako jokoak ere izan ziren eta herriko antzerki taldearen emanaldi hagitz polita ikusteko aukera ere izan zen. Ilunabarrean triki poteoa egin zen eta tortilla patata lehiaketako pintxoak dastatzeko aukera ere izan zen. Igandean, berriz, merkatua eta gazta lehiaketa izan ziren. Giro onean joan zen eguna eta jende andana ibili zen. Gazta lehiaketara bederatzi gazta aurkeztu ziren eta irabazleak Miguel Anzizar eta Koro Elizondo izan ziren. Bigarren Josefina Jorajuria gelditu zen eta hirugarren Primenekobordako gazta. Mañoli Agirre, Arkaitz Vicente eta Rakel Urtxegik osatu zuten epaimahaia. Horrez gain, zozketatu zen saskia Bilboko Isabelendako izan zen.